GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Eskozia berriro ere galdeketarako bidean


Eskoziako Gobernuak independentziari buruzko beste erreferendum bat egiteko lege proiektua abiatu du. Galdeketa pandemia behin gaindituta dagoenean gauzatzea aurreikusten du lege proiektuak, baina egunik zehaztu gabe. Orain arte Eskoziako Gobernuak pandemia gainditzea eta segurtasuna bermatzea lehenetsi du, eta horrekin bat dator datarik ez finkatzea. Hala ere, horrek kezka txiki bat piztu du independentisten artean. Edozein kasutan, gainerako guztia nahiko argia da. Galdera 2014ko erreferendumeko berbera izango da –Eskoziak herrialde independentea izan beharko luke?– eta erantzun posibleak ere bai –bai ala ez–. Alde horretatik, galdera zehatza eta argia denean, ondoren emaitzaren inguruan bazterrak nahastea zaila izaten da.

2014. urtean ez bezala, oraingo honetan inkestek diotenez, independentziaren aldeko jarrera da nagusi. Orduan, David Cameronek ez zuen oztopo handirik jarri erreferendumari bide emateko eta Alex Salmondekin «Edinburgoko akordioa» sinatu zuen, eta horrela Eskoziako Parlamentuari galdeketa antolatzeko boterea eman zion. Orain, Boris Johnsonek ez du erreferendum hori egiteko baimenik eman nahi. Bestetik, Eskoziako gobernuburu Nicola Sturgeonek kosta ahala kosta Westminsterrekin bozketa adostu nahi du. Ezetzean tematzeak denbora irabazteko balio du, baina normalean posizio horrek ez du ibilbide politiko luzerik izaten. Hala ere, independentismoak asmatu egin behar du ezezko jarrera hori bere oinarri soziala zabaltzeko baliatzen.

Eskoziatik bigarrenez datorren olatuak are gordinago islatzen du Euskal Herriko impasse luzea. EAEn, pandemia aitzaki, EAJk eta PSEk estatutuaren erreforma izoztea erabaki dute, erabakitzeko eskubidearen aldeko edozein aurrerapauso baztertuz. Eskozia etorkizun subirano baterantz mugitzen ari den bitartean, EAJk, Espainiaren betoa onartuz, ezer egiteko borondaterik ez duela erakutsi du. Baina berandu baino lehen, Euskal Herriak, Eskoziak bezala, bere etorkizuna erabakitzeko aukera izango du.