GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Ezkerreko programa osatzeko hasiera xumea


Neoliberalismoaren lorpen garrantzitsuenetako bat ekonomia eta gizartea pentsatzeko bere modu hertsia hegemonikoa bihurtzea izan da. Gai ekonomiko eta politikoak dogma gutxi batzuen bueltako eztabaidan ixtea lortu du eta, horrela, gertatzen den guztia saihetsezina dela dirudi. Egun, politika ekonomikoaren eztabaida neoliberalismoak nahi duen terminoetan egiten da. Ataka horretatik irteteko, beste ikuspegi batzuk beharrezkoak izateaz gain, premiazkoak ere badira. Hein horretan, AEBetako "Zuzenbidea eta Ekonomia Politikoa" sarearen lana baliozkoa da, bere gogoetak beste ikuspuntu batzuk eskaintzen dituelako egungo erronkei aurre egiteko.

Neoliberalismoaren ideologoek merkatuaren logika esparru guztietara zabaldu nahi izan dute: babes sozialeko politiketatik Estatuaren zeregin arautzaileraino. Horrela, edozein erabaki aztertzeko garaian, lehiakortasuna, eraginkortasuna, indibidualismoa eta norberaren onura ardatzak bihurtu dira. Joera hori AEBetako auzitegi ezberdinek emandako ebazpenetan oso nabarmena da. Berdintasunaren esparruan, adibidez, ekitatearen aurrean berdintasun formala lehenetsi dute epaileek. Horrela, diskriminazio positiboaren edozein neurri berdintasunaren aurkakoa dela ebatzi dute. Testuinguru horretan, emakumeak, etorkinak, langileak, txiroak, eta abar, indartsuen aurrean babesik gabe utzi dituzte. Klase esplotazioko eta arraza eta genero mendekotasuneko egiturak desegin gabe, ordea, ezinezkoa da berdintasunera hurbiltzea.

Gauzak horrela, neoliberalismoari aurre egiteko, ezkerreko programa batek eraginkortasunaren irizpidea alde batera utzi behar duela diote sare horretako kideek. Garrantzitsuena demokrazia indartzea da, eta horrek boterearen inguruko irizpidea lehenestea eskatzen du; hau da, edozein neurri boterearen deszentralizazioaren eta banaketaren ikuspuntutik aztertzea. Hasiera xumea, baina indartsua, eztabaidaren terminoak aldatzen hasteko.