2021 API. 11 Tokiko Etxebizitza Plana onartu du Euskal Elkargoak Frantziar Asanblea Nazionalak onartu berri duen hizkuntza gutxituei buruzko legea txalotu zuen Jean-Rene Etchegarayk Euskal Elkargoaren kontseiluaren hasieran, euskaraz eta okzitanieraz zabaldutako mezu batekin. Eztabaida eragin zuen Tokiko Etxebizitza Plana onartu ondoren, aurrekontu egitasmoari behin-behineko onespena eman zioten kontseilariek. Maite UBIRIA BAIONA Joan zen ostegunean frantziar Asanblea Nazionalak onartu zuen hizkuntza gutxituei buruzko legea txalotu zuen atzo Jean-Rene Etchegarayk. Euskaraz eta gaskoi-okzitanieraz zabaldu zuen Ipar Euskal Herriko erakundeko buruak mezu hori atzo telematikoki bildu zen Euskal Elkargoaren herri arteko kontseiluaren hasieran. Aurtengo Buxetari behin-behineko onespena eman zion era telematikoan garatu zen bileraren bitartez herriarteko kontseiluak, jakinik kontuen behin betiko bozketa udazkenean izango dela. Iparraldeko erakundeak bereganatu dituen 21 eskuduntza aurrera eramateko hainbat tasa igotzeko «derrigorrezko hautua» egin du aurtengoan Elkargoak, era horretan Estatuaren aldetik izandako diru murrizketari aurre eginez. Osasun krisiak erakundean sumatzen zen finantza arazoa areagotu du, erakundeak oso ahalmen urriak baititu bere diru-sarrerak bermatzeko. Aurrekontuen behin-behineko bozketari egin aurretik, Tokiko Etxebizitza Planak zentratu zuen herriarteko kontseiluak atzo izan zuen eztabaidarik mamitsuena. 2021etik 2026ra bitartean garatuko den Tokiko Etxebizitza Planak urtero 2.646 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten du, horietatik 1.200 etxebizitza sozialak. Euskal Elkargoak 17,5 milio inbertituko ditu urtero kostaren eta barnealdearen arteko desoreka apaltzeko helburua duen plana garatzeko. Elkargoko Exekutiboak defendatu duen egitasmoa udalekin eginiko eztabaidaren ondoren osatu dela nabarmendu zuen Roland Hirigoyen etxebizitzarako lehendakariordeak, txostena aurkezteko orduan. Tokiko Etxebizitza Planari esker etxebizitza sozialen kopurua %50 emendatuko dela nabarmendu zuen, era berean, Mugerreko auzapezak. Egitasmoa gehiengo zabalarekin onartua izan bazen ere –159 aldeko boz, 5 kontrako eta 42 abstentzio bildu zituen eta zazpi hautetsik ez zuten botorik eman–, hainbat hautetsi kezkaturik agertu ziren. Udalerriekin lan egin ondoren Euskal Elkargoak osatu duen planaren norabidea auzitan jarri zuen, adibidez, Baionako ezkerreko oposizioko kidea den Mixel Estebanek. Bere erranetan Tokiko Etxebizitza Planak jasotzen duen etxebizitza sozialen kopurua –%46 zehaztu zuenez– apala da oraindik ere. Hautetsiak Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak etxebizitzari buruz eginiko txostenean jaso zituen gomendioak aletu zituen, eta lur eremuak urbanizatzeko etengabeko joerari loturiko ondorio kaltegarriak aipatu zituen. Hiriburuko auzapez Alain Iriartek garrantzitsutzat jo zuen Euskal Elkargoak lehen aldiz Ipar Euskal Herri mailan etxebizitzaren egoerari buruzko diagnosia egin izana. Planean bere udalak eginiko hainbat ekarpen jaso direla onartu zuen. Hala eta guztiz ere, Iriarteren erranetan egitasmoak ez du zuzendu sakoneko arazoa. «Finean, zifrak eskutan, bigarren etxebizitzek osatzen dute Iparraldeko herririk handiena», adierazi zuen. DEBATEEl Plan de Vivienda generó el mayor debate en la reunión del consejo del Colegio Vasco. A pesar de que el... salió adelante, varios cargos electos lo criticaron por la falta de ambivalencia y no por el asunto de las segundas viviendas.