2021 API. 14 Maiatzaren 9an «30 Herri Urrats ttipi» Ipar Euskal Herri osoan Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko 30 herritan ospatuko da Herri Urrats maiatzaren 9an. Herri bakoitzak bere egitaraua antolatu eta aurkeztuko du. «Boga» goiburu duen kanpainan eskuratutako dirua Seaskaren bosgarren kolegioa eraikitzeko erabiliko da. Irailetik aurrera ikastola berri batek ateak irekiko ditu Xarnegu eskualdean. Haritz LARRAÑAGA KANBO Osasun neurriek bigarren urtez jarraian Senpereko lakuaren inguruan 1984. urtetik ospatzen den Herri Urrats besta egitea eragotzi dute, baina Seaskako kideek aurtengoan “Boga” goiburua izango duen edizioa formatu berritzaile batean gauzatzea erabaki dute. Hortaz, 50.000 pertsona inguru biltzen dituen ohiko festaren ordez, maiatzaren 9an «30 Herri Urrats ttipi» ospatuko direla jakinarazi dute. Seaskak Kanbon duen egoitzan eskainitako prentsaurrekoan eman zituzten azalpenak Ihintza Bidart, Emile Negelua, Peio Jorajuria eta Beñat Bidegainek. Aurtengo abestia eta bideoklipa aurkeztu zituzten eta Boga kanpainaren bitartez egiten ari diren diru bilketaren inguruko azalpenak emateaz gain, salgai jarriko dituzten kamisetak ere bistaratu zituzten. Bestalde, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Landen arteko bidegurutzean bertan aurkitzen den Xarnegu eskualdean ikastola berri batek ateak irekiko ditu irailetik aurrera. Ipar Euskal Herriko 38. ikastola izango da, eta azalpenak bertako zuzendariak eman zituen, Stephanie Chabayk: «Momentuz 3 urteko haurren lau familia dira, lauak Bardozekoak, eta emeki-emeki handituko den ikastola da». Boga kanpaina eta gogoeta Apirilaren 9an sare sozialen eta hedabideen bidez argitara atera zen “Baga Biga Boga” abestiaren eta bideokliparen nondik norakoak ere ezagutarazi zituzten atzokoan aurkezpenean. Abestia eta hitzak Xiberoots musika taldeak egin ditu, baina Delirium Tremens taldeko Andoni Basterretxea abeslariak ere parte hartu du. Izan ere, 90eko hamarkadan arrakasta handia izan zuen Mutrikuko taldeak argitaratu zuen “Boga Boga” kantak. Abestiaz gain, Bernat Etxepare Lizeoko ikasleek “Boga dantza!” deitu duten koreografia asmatu dute. Bada, antolatzaileek dantza hori grabatu eta partekatzeko deia luzatu zuten, «bakoitzak nahi duen tokian, plazan, ikastolen aitzinean, etxean edo mendi tontorrean». Aurtengo ediziorako atera dituzten marradun elastikoak soinean, berauek erosteko deia ere luzatu zuten Herri Urratseko koordinatzaileek, «diru sartze ttipiak ziurtatzeko». Hain zuzen ere, aurrera egiteko diru bilketak duen garrantzia nabarmendu zuten. Bosgarren kolegioa eraikitzeko urtarrilean aurkeztutako Boga kanpainan 45.000 euro bildu dituzte jada, baina oroitarazi zuten ezarritako helburua 300.000 euro eskuratzea dela. Urtean zehar hizkuntza politikan izan diren auziei buruzko gogoeta egiteko ere ahalbidetu zuten atzoko prentsaurrekoa: «Aurten dudarik gabe, Pariseko Asanblea Nazionalak Gobernuaren iritziaren kontra onartu duen hizkuntzen legea dugu aipagai», nabarmendu zuen Jorajuriak. Seaskako lehendakariaren iritziz, «urte luzez egindako lan kolektiboaren emaitza izan da», baita «euskarazko eskaintza eskola publiko guztietara hedatzeko eta murgiltze eredua legeztatzeko urrats izugarria» ere. Ordea, oraindik egiteko asko dagoela ohartarazi zuen Jorajuriak: «Baditugu bi arrangura nagusi Seaskan, batetik, brebeta eta baxoa euskaraz pasa ahal izatea ikasleek, eta, bestetik, egoitza publikoen finantzaketari dagokiona, bere hastapenetik ikastolentzat oztopo izan dena».