2021 MAI. 10 Herri Urrats, festarik gabe ere aldarrikapenen bilgune Herri Urrats festa ezin izan da ospatu aurten, baina Ipar Euskal Herriko 30 ikastolek ekitaldiak egin zituzten atzo. Bestalde, hautetsiak elkartu ziren, eta hizkuntza gutxituen legearen kontra Kontseilu Konstituzionalean ezarri duten helegitea salatu zuten. Idoia ERASO SENPERE Atzo Senperen ospakizunik izan ez bazen ere, ohi bezala, Seaskari eta euskarari beren sostengua emateko hautetsiekin izan ohi den prentsaurrekoa egin zen. Bertaratu ziren erakunde eta joera ezberdinetako hautetsiek apirilean onarturiko Eskualde Hizkuntzen Ondarea Babesteko eta Sustatzeko Legea izan zuten hizpide, eta denek gogorki salatu zuten legearen kontra Kontseilu Konstituzionalean ezarri den helegitea. Dominique Idiart herriko auzapezak egin zien harrera, eta ondotik Beñat Bidegain eta Emile Negueloua Herri Urratseko presidenteek festa ospatu ezin den honetan Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak behar duen bosgarren kolegioa eraiki ahal izateko eta dirua biltzeko antolatu den Boga kanpaina aipatu zuten, bertan parte hartzeko deia zabalduz. Horien ondotik honakoek hartu zuten hitza: Peio Jorajuria Seaskako presidenteak, Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidenteak, Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako departamentuko presidenteak, Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Euskal Elkargoko presidenteordeak, Max Brisson senatariak, Vincent Bru diputatuak, Florence Lasserre David diputatuak, Mathieu Berge Akitania Berria eskualdeko kontseilariak eta, azkenik, Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko presidenteak. Helegitea «indar satanikoek» eta «deabruak» ezarria izan dela baieztatu zuten Etchegarayk eta Brissonek; desmartxan parte hartu duten «indar nazionalista jakobinoak» ere izan zituen gogoan Bergek, eta Curutcharryk ulergaitzat jo zuen haien jokabidea, eta Euskararen Erakunde Publikoak katalana, bretoiera eta okzitaniera defendatzen duten erakundeekin egin zuen salaketa bateratua nabarmendu zuen. Estatu mailan hainbat eskualdetako parlamentarien artean izan den elkarlana ere goraipatu zuten Bruk eta Brissonek. Ikastolen Federazioari sostengua emateko ere baliatu zuten ekitaldia, euskararen alde egin duen lana nabarmenduz. Mixel Berhokoirigoin ere, euskararen alde eta beste Euskal Herri baten alde hainbat eremutan lan handia egin zuena, izan zuten gogoan, larunbatean zendu baitzen. Jorajuriak hizkuntza gutxituen babeserako legearen alde egindako lanagatik eskerrak eman zizkien euskal parlamentariei. «Kontseilu Konstituzionalak ematen duen erantzunaren zain, eta aldeko deliberoa ematen badu ere, legearen aplikazioan Gobernuak eta Hezkuntza Ministerioak izanen duten jokabidea» zaindu beharko dela nabarmendu zuen. Bosgarren kolegioaren beharra Aurtengo Herri Urratsen helburua Seaskaren bosgarren kolegio bat eraikitzeko dirua biltzea dela-eta, Jorajuriak horren garrantzia nabarmendu zuen. Bestalde, bigarren hezkuntzako zentro horien ardura duen departamentuaren izenean, Lasserrek haien sostengua izanen dutela jakinarazi du: «Elkarrekin lan egingo dugu, konponbide bat atzemateko». Bergek, Euskararen Erakunde Publikoko presidente ohi gisara, Seaskaren «paper historikoa» nabarmendu zuen. «Badakit euskararen alde zer lan egiten duzuen, ez bakarrik ikastolen alde», zentzu horretan, legea gehienbat hezkuntza publikorako garrantzitsua bada ere, ikastolek eman duten sostengua nabarmenduz. Curutcharryk Seaska laudatu zuen euskararen garapenaren alde egindako lanagatik, eta egungo egoerara ailegatzeko «aitzindari, eredu eta akuilu» izan dela esan zuen. Eta ikastolekin batera, «orain boga eta arraun egin behar dugu denok». Ospakizun txikiak, festa handiaren zain Senpereko aintziran milaka pertsona elkartzen dituen festa ospatzerik ez zenez, Seaskako 30 ikastoletako gurasoek, beren herrietan “Herri Urrats ttiki”-ak antolatu zituzten. Horrela, beste hainbeste herritan, eguna markatzeko aukera izan zen, eta euskararen alde “Boga” kanpainarekin bat egiteko. Jantziak izan ziren herrietan salgai, baita eramateko taloak, paella, bakailaoa..., osasun neurriak direla-eta ezin baita jendea elkartu. Ibilaldiak ere proposatu zituzten; Lekorneko ikastolak Hazparnekoarekin batera Urtsua mendira ateraldia egin zuen. Xiberoots musika taldeak aurtengo festarako egindako “Baga, biga, boga” kantuko koreografia dantzatzeko aukera ere izan zuten bertaratutakoak. Azkaineko ikastolako gurasoek eraikin berri baten beharra aldarrikatzeko baliatu zuten hitzordua; kalejira egin zuten herriko etxeari, hitzeman bezala, ikastola berria eman dezan eskatzeko. I.E. 52 AÑOS DE TRABAJOEl modelo inmersivo partió hace 52 años de la mano de... Hoy en día hay 20 centros públicos y otros tantos privados católicos que también lo tienen, pero ese modelo les delata hostiles en París...