GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Ernai!


Egon gaitezen Ernai! Emakumea, langilea, etxekoandrea eta ama naiz. Lehengo egunean, hau da, ostiralean, maiatzaren 7an, Bilbon, Ernai gazte antolakundeak Euskal Herriko hainbat hiriburutan manifestazioak antolatu zituen arratsaldez. Manifestazioak baimenduta zeuden.

Gazteek, gure gazteek, ezin dute gehiago jasan Euskal Herrian dagoen egoera. Eta are gutxiago, pandemia honek ekarri diena; egoera honek gazteak baztertu egin ditu erabat. Euskal Herriko gazte asko langabezian daude, gehienak ikasten ari dira, askok karrera bat baino gehiago dauka eginda eta, nola ez, masterrak ere bai –esan behar da aukera hori daukatela gurasook ordaintzen diegulako nola edo hala, baina badira Euskal Herrian aukera hori aurrera eraman ezin dutenak, gurasook ezin dugulako ordaindu. Oposizioak prestatzen dituzte. Hau guztia gurasoen etxean bizi diren bitartean egiten dute. Gauza gutxi egin ahal dute horrela; ez dute aukerarik ez etxebizitza propioa edukitzeko, ezta alokairuan egoteko ere. Etorkizunaren kolorea iluna da.

Hori dela eta, hainbat gauza on aipatu ahalko nuke. Adibidez, solidarioak dira; halakoak izan dira pandemia honetan, sareak sortu dituzte auzoetan behar handiko pertsonei laguntzeko. Boluntario aritu dira...

Beste askok baino hobeto jakin dute pandemia hau toki desberdinetan kudeatzen; etxean sartuta egon direnean, gurasookin egon direnean, euren ikasketekin jarraituz... Lanean eta bakarrik egon dira; bai, bakarrik, euren mundua (behar zuten laguntza, lagunekin egoteko beharra eta beren espazioa...) apurtuta gelditu baita.

Eta hizki larriekin esango dut errespetutsuak izan direla oso. Ezin dugu ahaztu pandemia honek izugarrizko arazoak ekarri dizkigula etxeetara, eta etxe bakoitzean egoera desberdina dago. Badaude oso ondo ez dauden familiak eta txarto daudenak, batez ere, eta egoera honek etxeetara dakarrena tamalgarria da.

Eta hori gutxi balitz, gure gazteak kriminalizatuak izan dira. Izaten ari dira eta izango dira, tamalez.

Erakutsi duten maila handia eta ona izan da. Helduon artean ere dena ez da izan horren «inmakulatua», baina honi buruz gutxi entzuten edo hitz egiten da.

Joan den ostiralean, maiatzak 7, Ernai gazte antolakundeak Bilbon manifestaldi baimendua antolatu zuen. Arma bakarra, haien amorrua, batzuen errekonozimendu falta sentitzea, gainezka egotea, haien sentimendua eta beharra baino ez zuten adierazi nahi izan. Eta, tamalez, bortizkeria, beste behin ere, Ertzaintzaren eskutik jaso zuten. Borrak, indar bortitza eta pilota jaurtiketaren aurrean amorrua baino ez zegoen. Horren ondorioz zazpi atxilotu Bilbon eta bat Gasteizen, eta gazte bi zaurituta eta bat Basurtuko ospitalera eraman zuten.

Euskal Herriko gaztedia triste dago, kokoteraino dago.

Euskal Herriko gazteak solidarioak dira, bai emakumearekin, bai langileriarekin, bai pentsiodunekin, bai Osakidetzak dituen beharrekin... Nahikoa da.