GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Corrugadosen inguruko sufleak behera egin du


Cristian Lay industria taldeak Azpeitiko Corrugados enpresa ez irekitzeko erabakia hartu duela jakinarazi zuen atzo, ohar baten bidez. Extremadurako enpresa taldeak ematen duen arrazoia da ez dituela instalazioak egungo kokapenetik Trukutxo aldera eraman nahi. Eta badirudi hori dela, hain zuzen ere, hirigintza arloan eta ingurumen arloan egun indarrean dagoen legedia betetzeko modu bakarra.

Albistearen berri izan zuenean, Nagore Alkorta alkateak argi utzi zuen Corrugados enpresaren jabeak ez zuela proiektu zehatzik aurkeztu udaletxean, kontsultaren bat baino ez zegoela. Itxura guztien arabera, Lakuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta bere sokako hedabideek enpresa berriro irekitzeko interesa egon zitekeelako zurrumurruak behar bezala puztu zituzten, zuzeneko 200 lanpostu eta zeharkako 500 lanpostu baino gehiago sortuko lituzkeen proiektu bihurtuko zela iragarriz. Jakina denez, lanpostu mordoa aurkezpen-gutun ezin hobea da edozein enpresa-proiektutarako. Izan ere, Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko diputatuak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak ez zuten inolako eragozpenik ikusi egungo kokalekuan berrirekitzeko. Are gehiago, berriz irekitzeko enpresak jarritako baldintzetako bat hori zela esan zuten. Hortik ondoriozta daiteke bi erakundeontzat enpresen nahiak indarrean dagoen legediaren gainetik daudela. Tapiak zehazki esan zuen irekiera udalaren borondate politikoaren menpe zegoela. Antza denez, Gasteizko Gobernua enpresari eman beharreko Ingurumen Baimen Integratua emateko prest zegoen enpresaren plana ezagutu gabe ere. Litekeena da Lakuaren funtzionatzeko modua hori izatea, enpresen nahi guztiak betetzea; Zaldibarko hondamendia eta gisakoak azalduko lituzke horrek.

Tapiak eta Larrañagak mimo handiz gizendu duten proiektua ez zen existitzen. EH Bildu higatzeko maniobra bat izan da dena. Azkenean, bere garaian Xabier Arzallusek esan bezala, sufleak behera egin du.