GARA Euskal Herriko egunkaria

Alemaniak Namibian XX. mende hasieran eragindako «genozidioa» aitortu du

Alemaniak «genozidio» gisa onartu du XX. mende hasieran Namibiako herero eta nama etnietako milaka lagunen aurka gauzatu zuen sarraskia. 1.100 milioi euro bideratuko ditu Afrikako herrialdearen garapenerako, baina ez du kalte-ordain indibidualik onartuko.


Alemaniak atzo iragarri zuen Namibiak 1.100 milioi euro jasoko dituela, garai kolonialean herrialdean herero eta nama etnietaako kideen aurka armada inperialak egindako sarraskiak «genozidio» gisa aitortu ostean. Historialarien kalkuluen arabera, 85.000 hereroetatik 65.000 eta 20.000 nametatik gutxienez 10.000 alemaniar inperioaren pean erailak izan ziren, 1884tik 1915era bitartean Hego Mendebaldeko Afrika Alemaniarra izan zen kolonian.

«Biktimei eragindako sufrimendu neurrigabea aitortzeko, Namibiari eta biktimen ondorengoei laguntza eman nahi diegu berreraikuntzarako eta garapenerako 1.100 milioi euroko funtsezko programa batekin», azaldu zuen atzo Heiko Maas Atzerri ministroak.

Bi herrialdeetako ordezkaritzek adierazpen politiko bat adostu zuten aurretik, ia sei urteko negoziazioen ostean. Bi gobernuak orain ados dauden arren, dokumentua oraindik ez dute sinatu. Alemaniak eragindako sarraskia «genozidio» gisa aitortzeko asmoa du akordioaren parte gisa. Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidenteak ere barkamena eskatuko du Namibiako Parlamentuan.

1.100 milioi euroak, batez ere, herero eta nama etnien kokaguneetako proiektuak laguntzeko erabiliko dira. Halaber, Alemaniako Gobernuak azpimarratu du genozidioa aitortzeak eta laguntza funtsa sortzeak ez duela kalte-ordainen legezko erreklamaziorik eragingo, eta betebehar politiko eta morala dela gaineratu du.

Alfredo Hengari Namibiako Presidentetzako bozeramaileak adierazi zuenez, kalte-ordainen proposamena negoziazioen bederatzigarren txandan aurkeztu zuten, maiatzaren 15ean amaitu zena. Namibiako Gobernuak gaiari buruzko eztabaida izango duela ere aurreratu zuen.

Bestalde, Ovaheroen Agintaritza Tradizionalak eta Namaqua Liderren Elkarteak adierazi zuten iragarpena Alemaniaren «propaganda ekintza» eta Namibiako Gobernuaren «engainua» baino ez dela. Vekuii Rukoro Ovaheroko liderraren esanetan, Namibiak «ez du konponketa bilatzen, baizik eta garapen proiektuak», eta kopuru hori, gainera, «ez da nahikoa».

Namibiako negoziatzaileekin harreman estuan egon diren arren negoziazioetan parte hartu ez duten hereroen eta namen ordezkariek kalte-ordain indibidualak eskatzen zituzten. Aldiz, Berlinek aukera hori baztertu du, banakako eskaeren kate bati atea ireki baitziezaiokeen.