GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Hara!


Aste honetan izan da. Iluntzean etxeratu eta hara! Posta-paketetxo bat atariko lanpasean. Hara! Bigarrenez, Azpeitiko siderurgia asmoren bat ote? Siderurgia aitzakiaren bat, akaso? Bada ez, ez nuen asmatu, bigarren dosia hartu ez izanaren ondorio, seguru asko. Total, atea zabaldu, zapaten zolako zikina (ZZZ informazio gizartean) lanpasean utzita. Zera mahai gainean utzi, arreta handiz zabaldu eta hara! Hirugarrenez! Agenda bat! Eta haxe kolpea! 2024koa! Ostia! (Bota nuen derrepentean, orain arteko “hara!” oraingoz aparte utzita). 2024? Sukaldeko hormako egutegiari erreparatu eta bai, 2021ean segitzen genuen, pandemia osteko lehenengo urtean, beraz (1, PO).

Orduan? 2024koa zertara dator? Batzuek bigarren dosi-eguna (DE) markatzeko, beste batzuek siderurgia plan bat aurkezteko eguna, jelkideek errotondetako noranzkoen estatutu-eskumena (ENEE) negoziatzekoa, ene, ene!… Tira! Ezin kexatu, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ez du ba 2030erako Agenda atera? Aurrea hartu diogu! NAIZ-GARAko harpidedunoi bidalia da, eta eskertzekoa. “Etorkizuneko artefaktua” itzuli dut iragarpena irakurrita. Hara! Baten batzuek “Etorkizuneko lehergailua” itzuliko dute, seguruenik, euren itzultzaile neuronalean…

Bada, bai, hortxe dihardute lege zaharreko horiek, haserre bizian, gero eta biziagoan, ozpindu antzera, horma buru! Etorkizunerako artefaktu barik, ezohikoa ohiko bihurtu eta ohiko moduan kudeatzeko ezinean. Lege zaharren izenean hiriak antolatzeko plan orokorrak (HAPO), eta horra ailegatzeko ibilitako bide txirikordatuak, kolpean saihestu gurarik, euren neurriko normaltasun berrian; siderurgia burbuilaren aitzakian, gasa ustiatzeko ametsean, ontziola lekuan itsasoan amaituko diren plastiko-ontziak egiteko… kea saltzen. Tira, beti geratuko zaigu TKGHES: Tabako Kerik Gabeko Hondartzen Euskadiko Sarea.