2021 EKA. 15 Espetxea eta eritasuna, Sare eta Lander Garroren eskutik GARA iruñea Sare Herritarra, Gastibeltza ekoiztetxearekin elkarlanean, Lander Garrok zuzendutako “Tipularen sehaska kanta” film dokumentala bultzatzen ari da. Dokumentalak espetxean eritasunaren gordina nola bizitzen den azaltzen du eta crowdfunding kanpaina bat abiatu dute egitasmoa estreinatu ahal izateko. Miguel Hernandez idazleak semeari eskainitako poema batetik hartu du izena Garrok zuzendutako lanak. 1936ko gerran Errepublikaren alde egiteagatik guda amaitzean preso sartu zuten Hernandez eta 1942an zendu zen espetxean, tuberkulosiak jota. Bertatik poema bat idatzi zion semeari, emazteak jateko tipulak baino ez zituztela esanez idatzitako gutunei erantzunez. Gertakari hori oinarri hartuta, honako galdera erantzuten saiatu da Garro, «alde politikotik baino, emozionaletik»: «1942an espetxeak hiltzeak zentzurik ez bazuen jada, ba ote du gaur?». Sarek ohar batean gogorarazi duenez, egun 18 dira Euskal Herriko, Estatu frantseseko eta Estatu espainiarreko espetxeetan larriki gaixo dauden euskal presoak. 36 dira jada gaitz fisikoa edo psikikoak jota bizia galdu dutenak. «Ahaztu gabe espetxetik heriotza ate joka zutela, gaitzak atzera-bueltarik ez zuenean, irtendako guztiak. 1942an bezalaxe, gaitzaren eta espetxearen arteko talkak heriotza zigorra izaten jarraitzen du oraindik ere». “Tipularen sehaska kanta” dokumentalaren bitartez aipatu errealitateak sortutako egoerak erakutsi nahi dituzte. Horretarako, espetxea eta gaitza ezagutu dituzten pertsonekin, beren senideekin eta adituekin elkartu dira Garro eta bere taldea, besteak beste, espetxean izandako bizipenak batu eta kontakizuna eraikitzeko. Lana irail eta azaro bitartean estreinatzea da nahia, baina filma kaleratu ahal izateko diru bilketa jarri dute martxan https://vkm.is/tipularensehaska helbidean.