2021 EKA. 25 Laborantza lurrak «ebasten» direla-eta, Arbonako lursail bat okupatu dute Laborarientzat beharko luketen lurrak erosle aberatsen eskuetan erortzen direla salatzeko, Arbonako lur eremu bat okupatu zuten atzo Lurzaindia elkarteak eta ELB sindikatuak, eta, iragarri zutenez, bertan jarraituko dute irtenbide bat aurkitu arte. GARA ARBONA Lurzaindia eta ELB sindikatuko laborariek herenegun Arbonako lursail bat okupatu zuten. Laborantzarako egokia den 15 hektareako lursaila hiru milioi euroan saldua izan da eta eroslea ez da nekazaria. Modu horretan, laborantza lurrekin egiten diren operazio espekulatiboak salatu dituzte eta politikariei arazoa aintzat har dezatela eskatu diete. «Laborariek laborantza lurrak prezio xuxen batean erosteko zailtasunak dituzten garai honetan, prezio ikaragarrietan egiten diren salmentek ez gaituzte axolagabe utzi behar», adierazi zuten ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak, elkarrekin argitaratu zuten prentsa ohar baten bitartez. Horien esanetan, okupatu dituzten lurretan ez da elikadura ekoizteko proiekturik, zeren «erosle gaia erretretadun aberats bat da eta berriki kostaldean jabegoan zituen 30 hektarea eta etxe bat 12 milioi euroan saldu ditu». Ondorioz, «laborari ez diren batzuengandik lurren ebastea eta lur horien laborantza bokazioa galaraztea» gaitzetsi zuten. «Laborantzan aritu nahi lukeen laborari batendako funts honen prezio espekulatiboa ezin erosizkoa da», ELB eta Lurzaindiako kideen aburuz. Aitzitik, neurriak har daitezen, Pirinio Atlantikoetako departamenduko hauteskundeetan aurkeztu diren hainbat hautagairekin harremanetan jarri dira. Laborariek ohartarazi zutenez, «Iparraldea elikadura autonomiatik urrun da eta laborantza lurren babesa lehentasunetan ezarri behar da». Gaiaren garrantziaz herritarrak eta politikariak ohartarazteko ELB eta Lurzaindiak burutu duten okupazioak datozen egunetan ere jarraituko du eta tartean ekintza puntualak ere egingo dituzte. Esate baterako, bihar eguerdiko 12.00etarako antolatu duten «piknik aldarrikatzailean» parte har dezaten deialdi berezia egin diete herritarrei. Arbonakoa ez da salbuespena Laborariek oroitarazi zutenez, Arbonakoa ez da kasu bakana. 2000 eta 2015. urteen artean laborantzako 7.200 hektarea lur galdu ziren Pirinio Atlantikoetako Departamenduan eta lur horietako asko Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin zeuden. Zehatzago, Safer egituraren arabera, 2.450 hektarea lur galdu ditu Ipar Euskal Herriak 2015 eta 2018. urteen artean. Berriki saldu diren lurren artean honako kasu hauek nabarmendu dituzte Lurzaindiak eta ELBk. 2016an Hazparnen 600.000 euroan saldu zen 4 hektareako lursaila. Urte berean, Lüküzen, 1.450.000 euroan saldu zen 93 hektareadun gaztelua. 2020an, Bidarrain, 600.000 euroan saldu zen 16 hektareako lursaila eta eraikina. Iaz, Urruñan 440.000 euroan saldu ziren eraikina eta 2 hektarea. Eta azkenik, aurten, Itsasun, «baimenik gabe etxe bilakatua izan zen borda bat» eta ia 1,67 hektarea, 795.000 euroko prezioan.