GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Estatuaren indarkeria dago sobran Euskal Herrian


Sortuk atzo salatu zuenez, sumario politiko berri bat eraikitzen ari dira, preso ohiei euren herrietan egiten zaizkien harrerak aitzakiatzat hartuta. Gogorarazi zuen Auzitegi Nazional espainola bera kartzelatik ateratzen diren preso ohiei harrera egitea debekatzearen aurka agertu dela behin baino gehiagotan, adierazpen askatasunarekiko errespetuagatik. Hala ere, hiru polizia-operazio egin direla baina auto judizial bakar bat ere ez dela egon azpimarratu zuen. Hori dela eta, atxiloketa horien atzean Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren eta Guardia Zibilaren bultzada politikoa dagoela salatu zuen. Ongietorrien kontura egindako polizia-operazioei 13/13 sumarioaren epaiketa gehitu zien; datorren astelehenean hasiko da; «oinarrian jarduera politiko guztiz legitimoak dituen arren», gaineratu zuen Sortuk.

Argi dago, maniobra horien bidez, Estatu sakonak gatazkaren ondorioak gainditzeko eta bakerantz eta konponbide demokratikoetarantz aurrera egiteko edozein aurrerapauso geldiarazi nahi duela. Hain zuzen, jada nahikoa berandu iritsi diren espetxe-politikako azkenaldiko urratsak geldiarazi nahi dituzte. Horrela, ondorioen korapiloa askatu gabe mantenduz, irtenbide demokratikoak galarazteko. Bestalde, botere faktikoen jarduera horiek badute beste helburu argi bat: Estatuak eragindako indarkeriaren zigorgabetasuna ezkutatzea. Arreta besteengana bideratuz, gerra zikina, torturak eta Estatuaren indarkeriaren arduradunen inpunitatea eztabaida politikotik kanpo mantendu nahi dute. Hala ere, nonahi topa daitezke torturatuak, hildakoak, giza eskubideen urraketei buruzko txostenak eta abar. Ibilbiderik ez duen posizioa da.

Aietetik hamar urte igaro dira. ETAren indarkeria desagertu zen, eta euskal gizarteak aspaldi hartu zuen bakean bizitzeko eta bizikidetza demokratikoa eraikitzeko erabaki sendoa. Eta norabide horretan indarra jartzen ari da. Testuinguru horretan, egun, Euskal Herrian epaiketa politikoak eta Guardia Zibila daude sobran.