GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Ingurumen justiziarako eskubidea


Azken urteotan, kaltetutako ekosistemei bizitza itzultzeko premiazko ekintzak eskatzen ari dira hainbat erakundetatik.

Natura 2000 Sarean babestuta dagoen Aralarko Natur Parkearen eta KBEren kasuan, kontrakoa gertatzen da; izan ere, Eguzki eta Landarlan elkarte ekologistek, 2016. eta 2018. urteetan, hurrenez hurren, Goroskintxu-Saltarri eta Enirio-Doniturrietako pistak eraikitzearen aurka jarritako salaketak artxibatu egin dira, gure ustez, kaltetutako ekosistemak asko hondatu eta hondatuko badira ere, eta natura ondarearen interes publikoaren gainetik interes pribatiboa nagusitzen dela deritzogun arren.

Atentzioa ematen du, artxiboko autoak ematerakoan, pistak eraikitzeko baimenak baliogabetzera eraman lezaketen balizko legezkontrakotasunak adieraztea, baina, aukera hori onartu arren, balizko legezkontrakotasun horiek zigor kodean argi eta garbi ez direla agertzen esatea. Eta hori guztia, nahiz eta egin ziren txosten guztietan eta fiskaltzaren iritzian argi geratu zen mendi babesgarriaren eremuan pista berri bat egiten ari zirela eta, beraz, ez zegoela horretarako estaldura juridikorik.

Epaileak bi pisten salaketa artxibatzeko argudiatutako beste arrazoi bat frogarik eza izan da, eta, hain zuzen ere, horretaz arduratu den Ertzaintzaren Ingurumen Zerbitzuak behin baino gehiagotan adierazi du ez duela behar diren ikerketak egiteko baliabide nahikorik, Aralarko kasuan gertatu den bezalaxe.

Horren inguruan, Eusko Legebiltzarrak, 2018ko uztailean, aho batez eskatu zion Jaurlaritzari Ertzaintzaren ingurumen delituen taldea indartzeko eta beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak emateko, baita dagokien lana ondo betetzeko talde horretako kideek dagokion prestakuntza jasotzeko ere. Bada, ia hiru urte igaro dira eta berdin jarraitzen dugu; beraz, Ertzaintzaren Ingurumen Zerbitzuak beharrezko bitartekoak ez dituen bitartean, kalitatezko gizarte garatu eta demokratikoarekin bat datorren ingurumen justiziarik ez dugula baieztatzen dugu.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EAJk, lurraldeko eremu babestuak kudeatzeko ardura duen alderdi politikoak, politika judizializatzea eta bide penala asmo nabarmenez aukeratu izana, politika egiteko alegia, leporatu digute. Ez dute esan, ordea, gure salaketak Ingurumen Fiskaltzak onartu zituela, eta erakunde horrek hasi zuela bide penala; zenbait arrazoi izango zituen horretarako.

Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat eta EAJrentzat ingurumen elkarteek ez dugula arduradun politikoak epaitegian salatzeko eskubiderik, ingurumenaren aurkako lege hausteengatik. Guk, Aralarko jabetza publikoa eta bioaniztasuna defendatuko dugu, orain eta beti, gure esku dauden baliabide guztiak erabiliz, epaibidea barne. Eta nazioarteko legediak horretarako bidea ematen digu. Bide honetan, Aarhus-eko Hitzarmenak honela dio: «Herritarrek ingurumen osasungarria izateko eskubidea izan dezaten eta eskubide hori errespetatu eta babesteko betebeharra bete dezaten, ingurumenari buruzko informazioa eskuratzeko aukera behar dute, erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzeko zilegitasuna izan behar dute eta eskubide horiek ukatzen zaizkienean, justizia eskuratzeko eskubidea izan behar dute...».

Ingurumena eta natura bereziki zaindu eta birsortzeko legedia eta helburuak betetzen dituzten eremu babestuak izateko eskubidea defendatzen jarraituko dugu, eta, beharrezkoa izanez gero, berriz ere justiziara joko dugu, zalantzarik gabe.

Azkenik, Aralarko Mankomunitateari naturaren kontserbaziorako legezko erabakiak bete eta interes publikoa defendatzea eskatzen diogu, eremu babestu honetan pista berriak eraikitzeko mehatxuak desaktibatuz.