GARA Euskal Herriko egunkaria

Arma nuklearrik gabeko munduaren aldeko aldarria, Hiroshimaren urteurrenean

76 urte bete ziren atzo AEBen bonba nuklear batek Hiroshiman 140.000 lagun hil zituenetik. Hiriko agintariek eta biktima elkarteek Japoniako Gobernuari nuklearren aurkako ituna sinatzeko eskatu zioten. Olinpiar Jokoek uko egin zioten atzo minutuko isilunea egiteari.


Tokio, eta Japonia oro har, Olinpiar Jokoetan murgilduta dago, baina, Hiroshimako hirian behintzat, eten txiki bat egin zuten ostiral honetan, duela 76 urte Ameriketako Estatu Batuen bonba atomikoak eragindako suntsipena gogoratzeko. 140.000 lagun inguru zendu ziren eraso haren ondorioz.

Hiroshimako zeremonia ohikoa baino txikiagoa izan zen, koronabirusak sortutako pandemiaren ondorioz, eta 880 lagunek baino ez zuten parte hartu ahal izan. Bertan izan ziren, besteak beste, eraso nuklearretik bizirik atera ziren hainbat lagun eta haien ondorengoak, tokiko agintariak eta nazioarteko 86 ordezkari politiko.

08.15ean, AEBek 1945eko abuztuaren 6an bonba jaurti zuten orduan, minutu bateko isilunea egin ondoren, Kazumi Matsui alkateak arma nuklearren amaiera eta munduko bakearen aldeko deia egin zuen Bakearen parkean. Japoniak, eraso nuklear bat jasan duen munduko herrialde bakarrak, «munduko herrialdeen arteko bitartekari gisa duen funtsezko eginkizuna» azpimarratu zuen, eta, azken urteetan egin legez, Arma Nuklearrengandik Babesteko Ituna berresteko eskatu zion Japoniako Gobernuari.

Nazio Batuen Erakundeak 2017an onartu zuen itun hori, eta aurtengo urtarrilean sartu zen indarrean, armagabetze nuklearrerantz aurrera egiteko promesarekin, nazioarteko 50 herrialdek berretsi ostean. Ez Japonia ez AEBak ez daude konpromiso hau sinatu duten herrialde horien artean. «Gure mundua ezin da jasangarria izan gerrarako sortutako arma nuklearrekin», adierazi zuen Hiroshimako alkateak.

Matsuik, gainera, Hibakusha biktimen elkartearentzat eta bonba atomikoak edo hortik eratorritako euri beltzak eragindako biktima guztientzat finantza laguntza gehiago behar direla azpimarratu zuen.

Yoshihide Suga Japoniako lehen ministroak ere parte hartu zuen ekitaldian, bere txandan, Japoniak orain eraso nuklear baten ondorioak «hobeto ulertzen» dituela adierazi duen, eta arma nuklearrik gabeko mundu baten alde egiteko asmoa aipatu zuen. Hori bai, argi utzi zuen «oraingoz» bere Gobernuak ez duela ituna berresteko inolako asmorik.

Ika-mika Olinpiar Jokoekin

Bakearen parkean egindako ekitaldiarekin batera, Nazioarteko Batzorde Olinpikoari Olinpiar Jokoetan minutu bateko isilunearekin bat egitea eskatu zioten. Antolatzaileek ordea, uko egin zioten omenaldia atzo egiteari. Igandean, jokoen itxiera egunean, eginen dute.

Azken egunean egitea atzo egin beharrean ez zuten ongi hartu ez Hibakusha elkarteak ez Hiroshimako agintariek. Keinu horrekin hildakoak zein bizirik atera zirenak «desohoratu» egin zituztela salatu zuten Hibakushako ordezkariek eta, era berean, «pertsonen osasunarekiko eta bizitzarekiko mespretxua» adierazten zuela.