2021 ABU. 18 Orga batek harrapatuta hil da langile bat, beste bat arropa aldatzen ari zela Dolua da berriro nagusi lan munduan, atzo beste bi langileren heriotzaren berri jaso ostean. Arratsaldean, lanean ari zela orga jasotzaile batek harrapatuta hil zen langile bat Urretxun. Aurretik, Construcciones Moyua enpresako behargin baten heriotzaren berria ere zabaldu zen. Lana amaituta arropa aldatzen ari zela hil zen, astelehenean. GARA DONOSTIA Urretxuko Mugitegi industrialdeko enpresa batean lanean ari zela langile bat hil zen atzo lan istripuan. Orga jasotzaile batek harrapatu ostean hil zela jakitera eman zuen Lakuako Segurtasun Departamenduak. Adierazi zuenez, arratsaldeko bostetan gertatu zen lan istripua. Bertaratu ziren osasun zerbitzuek langilearen heriotza baieztatu besterik ezin izan zuten egin. Iluntzean zabaldu zen heriotzaren albistea, lan munduan bizi den draman are gehiago sakonduz. Izan ere, ordu batzuk lehenago jakin zenez, laneko ezbeharrek eragindako heriotza katea beste maila batekin luzatu zen astelehenean Ormaiztegin. I.S.A. langileak 54 urte zituen eta Construcciones Moyua enpresan lanaldia amaitu berri zendu zen. Lankideek auto ondoan aurkitu zuten gorpua, etxera itzultzeko arropa aldatzen ari zenean hil baitzen. Ostiralean ere beste langile bat hil zen ondoezik sentitu ostean. Bada, heriotzok lan baldintzen prekarizazioaren ondorio zuzena direla salatu zuten berriz ere atzo ELA eta LAB sindikatuek. Prekaritatearen eragina Ormaiztegin hildako beharginaren lankide eta gertukoei babesa adierazteaz gain, ELAk adierazi zuen gertatutakoak agerian uzten duela «lan prekaritatearen hedapenak» eragin berezia duela «urtero lanean arrazoi ez traumatikoengatik (istripu kardiobaskularrak, infartuak, eta abar) gertatzen diren heriotza kopuru handian». LABek ere gogor salatu zuen Ormaiztegin gertatutakoa: «Istripu ez traumatikoak ere lan istripuak dira. Ez dira laneko orduetan kasualitatez gertatzen, ezta ausaz edo zorte txarragatik ere, Patronalak dioen bezala. Ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira». Urretxuko lan istripu hilgarria ezagutu aurretik, aurten lanean hildakoen kopurua berrogeira igo zuen ELA sindikatuak. Egun gutxiko epean bi dira, gainera, lan istripu ez traumatikoen ondorioz Euskal Herrian zendutako langileak. Izan ere, Ormaiztegiko heriotzaz gain, FCC eta Zerbitzu enpresek osatutako Donostiako Garbiketa aldi baterako enpresa elkarteko behargin baten heriotzaren berria ere jaso genuen iragan ostiralean. Atzo bertan jazotakoa gaitzesteko elkarretaratzea egin zuten lankideek enpresaren aurrean. «Ukaezina da lan erreformek lan baldintzak okertu dituztela, eta azpikontratazioa, besteak beste, langileen segurtasunaren kontura etekinak handitzeko erabiltzen dela», salatu zuen Donostiako heriotzaren berri izan eta berehala ELAk. Atzo Donostian egindako elkarretaratzean, ‘‘Manu gogoan. Stop siniestralidad’’ zioen pankarta zabaldu zuten hildakoaren lankideek, ELA, UGT, CCOO eta LAB sindikatuen sinadurarekin. Gaueko garbiketa zerbitzuan ondoezik sentitu eta gutxira zendu zen langilea. Laneko ezbeharren gorakada nabarmena salatu zuen enpresa batzordeak egindako elkarretaratzen, eta, aldi berean, hildakoaren lankide eta gertukoei babesa erakutsi zien.