GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Oporren ostean, ongietorria


Udaro leiho honetara agertu eta begira geratzen zaidanari “egun on deizula” esateko aukera baliatuta, lehenik, egun on deizula. Oporrak agortuta dauzkazuenoi, zer egingo diogu, ba, gutxiago falta da, segituan dira sanferminak, eta abioiak eta hotelak eta bungalowak erreserbatzeko garaia. Izan ere, egindako argazki guztiak, grabatutako bideo guztiak ikusi baino lehen, sanferminak eta oporrak iritsiko dira atzera. Beraz, eguzkitako krema oporrekin batera agortu ez bazaizue, ez ezazue bota, koinatuaren lagun batek esan didanez ez baitu propietaterik galtzen; hori bai, begiratu iraungitze data.

Badakit topikoa dela, baina onartu beharra daukat egia ere badela «deskonektatzea» beharrezkoa dela, ahal bada. Beharrezkoa, sanferminen itxaronaldi honetara «indarberrituta» itzultzeko. Nik neuk ez dut beti lortzen; hala ere, oporretan nagoela jakiteak, oporraldiaren kontzientzia izateak, indarberritzen laguntzen dit. Besteei ez dakit hala gertatzen zaien, baina egingo nuke batzuei oporrek ez dietela onik egiten. Bati behinik behin, ez: Iñigo Urkulluri.

Ostiralean zabaldu zuen mezua Iturgaizek idatzi ziola irakurri nuen sareetan. Ez dut uste; hala ere, nabarmena da oinarri etiko bera partekatzen dutela biok. Kartzelatik ateratzen direnei ongietorria egitea biktimak umiliatzeko asmoa dela esan eta espantuak egiten dituzten horien jarrera ez ote da bizitza erdia urtean zulo batean bakartuta eduki dituztenak umiliatzeko asmoa eta, bide batez, oposizio politikoari modu eskasean erasotzeko ahalegina? Ez da jarrera berria, ordea, PPk eta gainerako eskuin muturrak hala jokatzen dute aspaldi luzetik.

Lasai, gizona, hurbilago daude sanferminak. Edonola ere, ardura handiagoa izan beharko litzaizuke, hiru euskal lurraldeetako lehendakari gisa besterik ez bada ere, azken ongietorrirako gutxiago geratzea.