GARA Euskal Herriko egunkaria

Bidenek klima hondamendiei aurre egiteko azpiegiturak eskatu ditu


Louisianara egindako bisitan, Joe Biden AEBetako presidenteak dirulaguntzak agindu dizkie Ida urakana pairatu duten herritarrei. Bide batez, koma hondamendiei aurrea hartzeko azpiegituratan inbertitzeko beharra gogora ekarri du. Etxe Zuriko maizterrak ezbeharron oinarria kontuan hartu behar dela ohartarazi du, klima larraldia hain zuzen ere.

Horiek horrela, Joe Bidenek dei egin dio Kongresuari AEBetako azpiegiturak gaurkotzeko 1,2 bilioi dolarreko lege proiektua onar dezan. «Gauzak errotik aldatu dira ingurumenari dagokionez. Aurrerantzean ezin izango da errepide bat, autobide bat edota zubi bat lehen bezala eraiki», ohartarazi zuen. «Badakit egitasmo bat saltzen ari naizela nire hitzekin, baina, gauzatzen badugu, etorkizunean ezbeharrei hobeto egingo diegu aurre», esan zuen.

Guztira 50 bat hildako

Ida urakanak 50 bat hildako eragin ditu guztira AEBetako ipar-ekialdean, batez ere New Yorken, New Jerseyn eta inguruetan. «Ekaitz hau izugarria izan da, eta ez bakarrik hemen», azaldu zuen LaPlacen Bidenek, New Orleansetik 57 kilometrora. Louisianako hiri hori izan da urakanak gogorren astinduenetako bat.

New Yorken gertatutakoa ere izugarria izan da. Ekaitz bakoitzean hiriko eremu ugari geratzen dira urpean eta azpiegiturak erabat zaharkituta daude. Pentsa, New Yorkeko metroa ere urpean geratu zen eta eskailerak ibai bihurtu ziren.

New Yorkeko lurpeko eraikinetan 13 pertsona hil dira itota. Hau da, Manhattan, Queens edo Brooklyn bezalako auzoetako eraikinen azpian merke-merke saltzen diren zuloetan. Idak ere txiroenak kolpatu ditu.