2021 IRA. 05 ERITASUN KARDIOBASKULARRAK EMAKUMEZKOEN LEHEN HERIOTZA KAUSA, IKERTU GABE Eritasun kardiobaskularrak dira emakumeen lehen heriotza kausa munduan. Hala eta guztiz ere, ez dira behar bertze diagnostikatzen, ezta aztertzen, aitortzen eta zaintzen ere. Ez dago fokua hor jarrita, eta paratu behar da, kasu aunitz prebenitu daitezkeelako. Maider IANTZI GOIENETXE Gaixotasun kardiobaskularrak edozein organotan gerta daitezkeen arterietako gaitzak dira. Garrantzitsuenak iktusa, garuneko eritasunak eta bihotzekoak dira. Historikoki beti erlazionatu izan dira gehiago gizonekin. Erran izan da inpaktu handiagoa dutela eurengan, maizago gertatzen direla, emakumeak nolabait babestuta daudela estrogenoengatik, baina hori ez dago sobera argi eta egia da eragin handia dutela emakumeengan ere. Mundu mailan lehenengo heriotza kausa dira emakumeen artean eta fokua ez dago hor jarrita. «Ipintzen hasi behar dugu gauza asko prebenitu daitezkeelako», nabarmendu du Garazi Hidalgo Bilbao (Erandio, 1985) familia eta komunitate medikuak. Osatzen EAEko familia eta komunitate medikuntzako elkarteko kidea da Hidalgo. Bertan sortu zen ‘The Lancet” aldizkariaren artikulu bat lantzeko ideia. Hemen, emakumeen eta gaixotasun kardiobaskularren gaineko orain arteko ebidentzia dago bilduta. Erandiokoari genero ikuspuntua interesatzen zaio, eta artikuluaren laburpena idatzi du SemFYC Estatu espainiarreko elkartearen webgunerako (www.semfyc.es/mujer-enfermedad-cardiovascular-2030). Santurtzin, Mamariga auzoko osasun zentroan lan egiten duen sendagileak GARAri azaldu dionez, zehazki emakumeengan ikertu behar da: «Zer arrisku faktorek eragiten duten, eta diagnostikatzerakoan zer sintoma dituzten, hauek ezberdinak direlako. Tratamenduak ere gizonengan ikertzen dira eta, albo ondorioak desberdinak direnez, dosiek ere agian desberdinak izan behar dute». Sexuarekin lotutako faktoreak Arrisku faktoreak detektatu eta tratatzea funtsezkoa da heriotza goiztiarrak ekiditeko. Lehen Arretan, eritasun kardiobaskularrekin egiten duten lanik garrantzitsuena prebentzioa da. «Guk maneiatzen ditugun arrisku faktoreak hipertentsioa, diabetesa, kolesterola, tabakoa, obesitatea eta sedentarismoa dira. Baina badirudi bestelako ezaugarri batzuek ere eragin dezaketela, eta kontuan hartu behar dira arriskua kalkulatu eta kudeatzerakoan». Badira faktore batzuk sexuarekin lotuak: haurdunaldiko arazoak, hipertentsioa edo diabetesa kasu; menopausiatik aurrera ere arriskua handiagotzen dela ikusi da; obario polikistikoa duten emakumeengan badirudi arriskua handiagoa izan daitekeela… «Hori kontuan hartzen hasi beharko genuke, baina ez dakigu nola». Hori da “The Lancet”-en ikerketan falta dena. Bestalde, behar baino garrantzi txikiagoa ematen zaien faktoreak daude. «Eritasuna eta osasuna kausa asko dituzten fenomeno konplexuak dira. Ez dira sortzen faktore biologikoengatik bakarrik, faktore psikologikoek, sozialek, ekonomikoek eta kulturalek ere inpaktu handia dute. Gaixotasun kardiobaskularretan ere faktore horiek zer eragin duten ikertu beharko litzateke, are gehiago emakumeengan, badakigulako faktore guztiak generoak gurutzatzen dituela». Indarkeria matxistak ere estresa sortzen du eta estres horrek ondorio biologikoak ditu. Hormonetan eragiten du, bertzeak bertze. Horrek badirudi gaixotasun kardiobaskularretan inpaktua izan dezakeela. Depresio eta antsietateak gaitzok garatzeko arriskua handitzen dutela ikusi da; heriotza gehiago eragiten dituztela ere bai. Gaitzak ezberdin adierazten dira Ikerketan esplikatzen da nola adierazten diren gaixotasunak ezberdin emakume eta gizonetan. Bihotzeko infartuaren kasuan hagitz argia da. «Guztiok identifikatzen dugu infartu bat dela bularrean presio bat sentitzea, zorabioa, ezkerreko besora doan min bat, goragalea, arnasestua. Baina emakumeengan askotan ez da horrela. Gerta daiteke hain zehatza ez izatea: zorabio bat, bizkarreko mina, masailezurreko presio edo mina… Kontzepzio hori aldatzen joan behar dugu, eta bakoitzaren gaixotasuna adierazteko moduak ikertu behar dira». Lehen Arreta da lehen pieza identifikazioan. «Ez bada garaiz identifikatzen diagnostikoa atzeratzen da eta epe luzera ondorioak izan ditzake». “The Lancet” aldizkarian aipatzen dutenez, 1990etik behera egin dute heriotza hauek, baina orain gelditu egin da bilakaera hori. Horren arrazoiei heltzeko deia egin dute. Garazi Hidalgok imajinatzen du azken urteetako krisiek eragina izango zutela, «baldintza sozialak kaskartzen direnean osasuna ere kaskartzen delako». “The Lancet” aldizkariko Emakumea eta Gaixotasun Kardiobaskularrak Batzordeak, maiatzean ikerketa kaleratu zuenak, gomendio batzuk eman ditu 2030erako kausa honengatik gertatzen diren emakumeen heriotzak gutxitzeko helburuarekin. «Aspaldian badakigun gauza bat da, baina ez da neurririk hartzen. Eurek proposamen batzuk egiten dituzte. Ez dakit ongi gero horiek nola jaitsi errealitatera», aitortu du Hidalgok. Lau gomendio multzo egiten dituzte. Lehenengoa ikerketa eta jakintzarekin dago lotua, orain arte gutxi ikertu baita dena emakumeengan. Ohartxo bat egin nahi du Mamarigako medikuak: «Artikuluaren muga bat emakumearen kontzeptuan generoa eta sexua ez bereiztea da. Literatura medikuan inoiz ez da egin eta egileek diote eurek ere ezin dituztela bereizi. Gainera, ikerketa gehienak diru-sarrera altuko herrietan eta emakume zuriekin eginak daudela kontuan hartu behar da. Arrazak eta pobreziak, adibidez, asko baldintzatzen dute». Gomendioetara itzulita, bigarren aholkua kontzientziazioa da, osasun profesionalen eta emakumeen artean gaixotasun kardiobaskularrek gure osasunean duten inpaktua presenteago izatea eta neurriak hartzea, bai pertsonalki bai politikoki. Hirugarrena arrisku faktoreak kontrolatzea da, guztiak. Eta azkena osasun sistemak, batez ere Lehen Arretak eta honekin harremana duten gizarte zerbitzuek, hori guztia indartzea. Artikuluak aurreneko urrats bat izan nahi du, soluzioaren parte direnak harremanetan jarri, kontzientzia piztu, eta etorkizuneko ikerketei bidea irekitzeko. Feminismoak hartu duen indarra baliagarria izan daitekeen arren, egunerokoan traba ugari izaten dela onartu du Garazi Hidalgok. «Baina egin beharreko lan bat da, kontzientziaziotik hasita», aldarrikatu du. Lehen arretan detekta daitezke gutxi aitortutako arrisku faktoreak Garazi Hidalgo sendagileak Lehen Arretan egiten du lan eta bertan gaixotasun kardiobaskularrak «eguneratzeko» beharra ikusten du. «Gure subkontzientean edo imajinarioan ez dugu presente emakumeen osasunean daukaten inpaktua. Etengabeko formakuntzaren baitan sartu beharko litzateke, eta ideia horri buelta eman. Gurean asko esaten da: ‘Beti egin da horrela’. Eta inertziak eramaten gaitu berdina errepikatzera. Baina hainbat gauza desegin eta berreraiki behar ditugu». Erantsi duenez, Lehen Arretan detekta daitezke errazen behar bertze aitortzen ez diren arrisku faktoreak: psikologikoak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak. «Gu gara pertsonekin harreman zuzenena daukagunak, familia eta testuingurua ezagutzen ditugu. Egia da ikerketa ez dagoela gurean oso sartuta, gaur egungo lan baldintzekin are gutxiago. Baina pieza klabe bat izan gaitezke».M. I. SINTOMAK Emakumeengan maiz bihotzeko infartu baten sintomak ez dira gizonengan bezain zehatzak. Zorabio bat senti dezakete, bizkarreko mina, masailezurreko presio edo mina… ENTSEGUAK Entsegu klinikoetan gizonak dira nagusi, aldatzen doan arren. Kostatzen da emakumeek parte hartzea, agian denbora gutxiago dutelako, edo lehentasun ezberdinak.