GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Duela hogei urte eta hemendik hogei urtera


Nork ez ditu, honezkero eta Euskal Herrian, Unai Romano eta jasan zituen torturak ezagutzen?», galde dezake norbaitek gertakari haietatik hogei urte betetzen direnean. Argi dago atxilotuak txikitzen zituzten Estatuko Segurtasun Indarrek kasua ezagutzen dutela, muturreko kasua izan baitzen. Ez, ordea, muturrekoa kasernetan halako basakeriak ezohikoak zirelako, baizik eta nekez zirelako publikoak. Kasu hori tortura-sistemaren «akatsa» izan zen.

Euskal erakundeetan luzaroan ibili diren pertsonak oroituko ez dira ba Romano auziaz! Adibidez, egungo lehendakari Iñigo Urkullu Gasteizko Parlamentuko Giza Eskubideen Batzordeko presidentea zen Unai Romano gasteiztarra torturatu zuten garai berean. Orain gainerako ordezkariei eta herritarrei moral lezioak ematen badizkie, pentsa zer ez lukeen esango, garai hartan (1998-2008) torturen aurka zerbait egin izan balu.

Herrialde normaletan horrelako gertakarien berri hemerotekan topatzen da. Euskal Herrian, ordea, komunikabideetan torturen inguruan isiltasun konplizea egon da urteetan. Giza eskubideez hainbeste hitz egiten duten kazetari horiek ez zuten kasu hau, ezta beste sei milak ere, giza eskubideen aurkako atentatu gisa kontatu. Beren izenean, beren askatasunaren eta segurtasunaren izenean, egiten ziren bortxaketak izan arren. Bertsio ofiziala babestu zuten, «torturak salatzeko ETAren eskuliburu» faltsu bati buruz hitz egiteraino. Norberaren kontzientzia engainatzea erraza da. Hemerotekak, ordea, ez du barkatzen.

Halere, herri honek atzera ez, aurrera begiratu behar du. Gaur egun hogei urte dauzkan gaztea jaioberria zen orduan; hogeita hamar dauzkana umea zen. Belaunaldi horientzat gogoratu behar dira Romanori eta beste guztiei egin zizkietenak. Beren gordinean azaldu eta gatazkan kokatu behar dira, tortura estrategia baten parte zelako. Jakina, estrategia horren arduradun desberdinak ezin dira ezkutatu. Duela hogei urte norbera non zegoen ezkutatuz ezin baita herriarentzat etorkizun emankorrik erein.