GARA Euskal Herriko egunkaria

Manifestazio eskubidea debekatu dute talibanek Afganistanen


Talibanek debekatu ostean, hainbat protesta bertan behera utzi zituzten atzo Kabulen. Asteazkenean iragarri lez, «mobilizazio guztiak dekatuta daude momentuz, jazarpen egoera sorrarazteaz gain, ordena zibila hankaz gora jartzen baitute».

Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak, berriz, kazetariei talibanek ezarritako debekuak eta murrizketak salatu zituen. Kabulen emakumeen eskubideak aldarrikatzen ari zen andre talde baten manifestazioa jarraitzen ari ziren kazetarien kontra oldartu eta zenbait lagun atxilotu zituzten talibanek. Bi kazetarik tratu txarrak jasan zituzten polizia etxean; kableekin kolpatu zituzten eta ospitaleratu egin behar izan zituzten.

Horrez gain, poliziak kamera ugari kendu zizkien kazetariei eta aurrerantzean horrelako manifestazioak jarraitzea legez kanpokoa izango dela ohartarazi zien. «Talibanek kazetari guztiek beren lana egin ahal izatea bermatu behar dute, murrizketarik, mehatxurik eta mendekurik gabe», exijitu zuen HRWek.

«Zerrena beltzetik atera»

Bien bitartean, talibanek Ameriketako Estatu Batuen eta Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluaren «zerrenda beltzetik» ateratzea eskatu dute. Behin-behineko gobernuko dozena bat agintari ageri dira zerrendotan, tartean Sirajuddin Haqqani Barne ministroa. Washingtonek hamar milioi dolarreko ordainsaria eskaini zuen bera atxilotzeko informazioa ematen zuen ororentzat. Talibanen hitzetan, egoera horrek Dohako akordioa urratzen du eta «ez dio mesederik egiten ez Afganistani ezta AEBei ere».

Bestalde, atzo atera zen Kabuletik nazioarteko lehen hegaldia. Qatarrera joan ziren 115 bidaiari.