2021 IRA. 27 OSASUN MENTALA ETA PANDEMIA (II) GAZTEEN ZAURIEN BARRUAN BEGIRATZEN Basurtuko erietxean osasun mentaleko arazoekin ospitaleratutako gazteen kopuruak %50 egin du gora pandemian; EAEko Gazteen Behatokiak abuztuan argitara emandako datuak astindua eragin zuen. Baina txostena askoz zabalagoa da: nola aldarazi ditu gazteak pandemiak? Zein ondorioekin? Adituek dute hitza. Ramon SOLA EAEko Gazteen Behatokiak hainbat modutan neurtu du gazteei pandemiak utzitako ajea (bai eta zenbait onura ere). Iritzia eskatu die batetik. Hainbat arlotako espezialistengana jo du, bestetik, jada utzitako aztarna aztertu eta etorkizuneko «ondorio, arazo, erronka edo aukerak» hausnartzeko. Horietako batzuk (ez denak) laburbildu ditu GARAk, asko hitz egiten baita gazteei buruz urrutitik, baina, aldiz, gutxi gertutik. Eta ia ezer ez barrura begiratuz. NATALIA ALONSO, psikologia «Hibernazio afektiboa aukeratu dute batzuek» Emozioen kudeaketak garrantzia berezia hartu du urte eta erdi honetan guztiongan, eta askotan osasun mentaleko arazo horien iturburuan da. Nola gertatu da prozesua gazteengan? «Emozioak sentitzen jarraitu dute, bai eta emozioen adierazpenak esperimentatzen eta adierazpen horiei aurre egiten ere. Baina, era berean, harreman sozialak eta afektiboak aldatu egin zaizkie, bai eta mugikortasuna, independentzia, lana, ikasketak eta oraina bizitzeko eta etorkizuna proiektatzeko askatasunaz baliatzeko aukera ere. Horrek haien emozioei eragin die, gogo-aldarteari eta, aldi berean, baita haien gaitasunak abian jartzeko aukerei ere. Horren aurrean, batzuek, modu inkontzientean, hibernazio afektiboa aukeratu dute, emozioen beroa garai hobeagoetan sentitzeko zain –eta, zain ere, modu inkontzientean egon dira–. Beste batzuek, aldiz, oreka berrezartzeko eta absentziak presentzia berriekin ordezteko bideak bilatu dituzte». Nola egin dakiokeen aurre egoerari azaldu du Alonsok ikerketan: «Emozioei hitzak jartzen lagundu behar diegu, hau da, emozioak partekatzen eta hainbat bideren bidez adierazten lagundu behar diegu. Egiten dituzten ahaleginak egokiak direla ebaluatzen lagundu behar diegu, bai eta egoerei aurre egiteko erabiltzen dituzten moduek hobeto sentitzen laguntzen ote dieten balioesten ere». Maite Alonso, eskola «Enpatikoagoak izaten ikasi dutela uste dute» Alde ugari jorratu du Eskola Kontseiluko lehendakariak, baina biziki interesgarria da ikasleen ikuspuntua: «Onartzen dute egokitzeko gai izan direla –nabarmendu du Alonsok–. Autonomoagoak eta arduratsuagoak izaten ikasi dute, lana irakasleen etengabeko laguntzarik gabe antolatu behar izan dutelako. Familien babesa sentitu dute, nahiz eta aipatu duten osasun arloan lan egiten duten gurasoak dituztenek egunak igaro dituztela gurasoak ikusi gabe. Beti izan dute lagunen babesa, eta, oro har, irakasleena, baina irakasleen artean aldeak daudela adierazi dute, batzuek teknologia berriak erabiltzeko gaitasunik ez dutelako». Horrez gain, «krisi honetan, euren burua hobeto zaintzen eta higiene pertsonala baloratzen edo familiekin denbora gehiago igarotzen ikasi dute, nahiz eta zaurgarriago sentiarazi; bakartiago sentitu dira eta bizitzaren mugez eta mehatxuez pentsatu dute». «Uste dute ikasi dutela arazoak erlatibizatzen eta presioari aurre egiten, enpatikoagoak izaten, pentsamendu kritikoa sustatzen eta ingurumenarekiko kontzientziazio handiagoa izaten. Bestalde, kexu dira errua gazteei egotzi dietelako (...) Azkenik, arazoei aurre egiteko erantzukizun kolektiborako deia egin dute: ‘Denok batera egiten badugu bakarrik geldituko dugu’». Estibaliz Ansotegi, kontsumoa «Gehienek ez dute alkoholik hartu lehen hilabeteetan» Prebentzioan eragin nahi duen Ortzadar programaren koordinatzailea da Ansotegi eta arloz arlo jorratu du gai liskartsu hau. «Esku hartu dugun pertsonetako gutxiengo batek adierazi du dirua gastatu duela kirol-apustuetan edo ausazko jokoetan. Baina gehienek onartzen dute ordu asko eman dituztela bideo jokoetan eta sare sozialetan jolasten. Teknologiak erabiltzearen harira, ikusi dugun ondorio handienetako bat zera izan da: pertsona askok ordu gutxiago lo egin dutela pantailen aurrean egoteagatik». «Substantzien kontsumoari dagokionez ere alde handiak daude. Alkoholaren kasuan, adibidez, gehienek adierazi dute lehen hilabeteetan ez dutela kontsumitu; pertsona gutxi batzuek baino ez dute esan alkohola edan dutela etxean zeudela. Tabakoarekin edo zigarro elektronikoekin, egoera bestelakoa izan da; izan ere, pertsona askok etxean kontsumitu dute hasierako konfinamenduan. Kasu askotan, familiek ezagutzen zituzten kontsumo horiek, eta aurretik gazte horietako askok etxean erretzen ez bazuten ere, baimena izan dute eta kontsumitzen jarraitu dute», erantsi du. Eta kalamuarekin? Bitxia da gertatu dena: «Kasu askotan, familiek bazekiten kontsumitzen zutela eta negoziatu behar izan dute etxean kontsumitu ahal izateko». Fernando Bayon, aisialdia «Sozializazioaren kalitatea murriztu egin da» Gazteentzako euskarri den aisiari erreparatu dio Bayonek, Aisiako Ikaskuntzen Institutuko zuzendaria baita, eta Deustuko Unibertsitatean dekanordea. Bayonen hitzetan, «sozializazioaren kantitatea ez da murriztu baina bai haren kalitatea: burbuila taldeetan batu dira unibertsitatearen, kontserbatorioaren edo eskolaren espazio partekatu/bereizian, baina aisialdiko espazio beti dibergentean burbuilak lehertu egin dira. Trafikoa moderatu behar izan dute beren parekoekin –kirola, kultura, boluntariotza, sorkuntza, zainketak, adiskidetasuna edo festa– lotzeko biribilgune horietan guztietan, eta ‘ermitau digitalen’ kate bitxi eta autogestionatuak sortu dituzte». Arantza Fernandez Rivas eta Miguel Torres, psikiatria «Batzuek ezin izan dute ondoez emozionala jasan» Ikerketa atal honetatik ateratako datuak izan ziren albiste nagusi, baina beren hausnarketaren edukiari erreparatzea ere komeni da. Haur eta Gazteen Psikiatria Ataleko burua da Fernandez Rivas, eta Psikiatria zerbitzuko burua Gonzalez Torres, biak Basurtuko Ospitalean. «Nerabe batzuek kontrolera jo dute ondoez emozionalari aurre egiteko (hiper-auto-kontrola): gorputzaren eta elikaduraren kontrola –ohartarazi dute–. Elikaduraren murrizketak eta ariketa fisiko gogorrak anorexia nerbioso larriak eragin dituzte, eta bigarren mailako ondorio gisa desnutrizio larria, eta kasu batzuetan are pisu kritikora iristea ere. Beste pertsona batzuek, inpultsiboenek, ezin izan dute jasan ondoez emozionala, eta bere buruari min eginez edo indarkeriaz jokatuz baretu dute, eta kasu batzuetan (geroago eta sarriago) suizidiora jo dute». «Kolpatuenak neskak izan dira, faktore horiek gogorrago eragiten baitiete, bai alderdi biologikotik, bai psikologikotik», erantsi dute. Larraitz Mendizabal, soziologia «Ez ditu gaixotu, baina ondorio latzak ekarri, bai» Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteko teknikaria da Mendizabal. Bere ondorioa edo ohartarazpena, argia: «Ez da egia, eta bidegabea ere bada, guztiok arriskuan jarri gaituzten jokaerak gazteriarekin identifikatzea eta gazteak pandemiaren ondorioen errudun nagusitzat aurkeztea. Identifikazio horrek, gainera, etorkizunera begira ez du ezer onik ekarriko». «Covid-19ak ez ditu gazteak larri gaixotu, baina pandemiaren ondorio latzak bizi eta biziko dituzte. Caixabank Research-ek egindako ikerketa baten arabera, pandemiak askoz gogorrago eragin die gazteen diru-sarrerei gainerako herritarrenei baino, lau aldiz gehiago murriztu zaizkie diru-sarrerak helduei baino. Datozen urteotan ikusiko dugu pandemiak utzitako krisi ekonomikoak zenbat eragingo dien lehendik ere prekaritatearen zama handia jasaten zuten gazteei». «Horri gehitzen ari zaizkio, gainera, buru osasunaren arloko hainbat arazo, gazteen artean bereziki zabaltzen ari direnak, pandemiak ekarritako isolamenduak, harreman faltak, bizimodu autonomoa eraikitzeko zailtasunek bultzatuta. Horri gehitu nahi diogu hondamendiaren errudun izatearen sentimendua? –galdetu du Mendizabalek–. Gazteria arduragabearen irudi eta mezua desaktibatzeak on egingo liguke gizarte bezala, bai pandemia honek ekarri dizkigun ondorioak gainditzeko, baita etorkizunean izango ditugun larrialdi eta krisialdietan nola jokatu ikasteko ere». Naiara Perez de Villarreal, komunikazioa «Esposizioarekin arazoak areagotu egin dira» Komunikazio eta marketin arduraduna Digitalden, aholkularia eta trebatzailea, komunikazio moduen aldaketa aztertu du txostenean. Zenbait detaile esanguratsu: «Argi dago gazteak ikus-entzunezko formatuak nagusi dituzten sare sozialak aukeratzen hasi zirela, Instagram edo Tik Tok kasu. Azken hori izan da bereziki adingabe eta nerabeen artean egundoko fenomeno soziala bihurtu zena, konfinamenduaren hilabeteetan eta geroztik ere sare horren erabiltzaile-kopurua izugarri handitu delarik. Arrazoia oso sinplea da: sare sozial horrek entretenimendu erraz eta azkarra eskaintzen du, begi-kliskada batean kontsumitu eta atzamarraren mugimendu bakar batez banan-banan irents daitezkeen 15 segundo eskaseko bideoen bitartez, eta jarraian ikusiko dugun ikus-entzunezko pieza gure ordez aukeratzen duen algoritmo ikusgarri baten laguntzaz. Horri gehitu behar zaio erabiltzaileek sortutako #Etxeangeratu edo #Etxeangeratuko gisako erronkek eta etiketek eragin zuten dei-efektuaren balio erantsia». Ondorioak utzi ditu jarduera intentsibo horrek: «Gazteen esposizioa handitu ahala, izaera fisiko, psikologiko eta emozionaleko arazoak areagotu ziren. Lorik eza, elikaduraren arloko nahasmenduak, estresaren igoera, antsietatea, hiperaktibitatea eta, nola ez, mendekotasunak (bideo jokoekiko, mugikorrarekiko, sare sozialekiko, apustuekiko...) izan ziren asaldurarik garrantzitsuenak. Horrekin batera, delitu zibernetikoak ere areagotu dira: ziberjazarpena, grooming-a edo sexting-a, baita sareko iruzurrak ere».. Ana Ramirez de Ocariz, sexua «Praktika partekatuek behera egingo dutela dirudi» Sexu praktiketan pandemiak ekarritako aldaketak ere oso handiak dira. Txarrak eta onak, Emaizeko sexologo honen aburuz: «Zuzeneko gorteatzearen zailtasunak (tabernako barraren bidezko begiradak, hurbiltzeko mugimendu erritmikoak...), non harremanetarako trebetasun sozialak hedatu behar diren, eragin positiboa izan du zeharkakoan. Sedukzio-jokoak, garai aurre-pandemikoetan Tinder edo Grindr bezalako ligatze-sare sozialen erabilerarekin laburtuz joan zenak, gorakada esponentziala izan du, bai kuantitatiboki bai kualitatiboki. Sareen euren datuen arabera, jendea irudimentsuagoa izan da tele-proposamen erotikoak egiterakoan, konfinamenduan behintzat, non kontaktu fisikorako aukerak hutsaren hurrengoak ziren. Gertaera horren alde iluna: eskatu ez duenari ‘zakil-argazkiak’ direlakoak bidaltzearen ugaritzea. Irudi intimoen bidalketa horrek –nahikoa zabalduta dago ligatzeko gay sare sozialetan–, onartzen ez direnean, argi eta garbi erakusten du trebetasun sozialen falta –indarkeriaz ez hitz egiteagatik– jasotzen duenarekiko». «Zer gertatuko da etorkizun hurbilean? Behera egingo dute praktika erotiko partekatuek? Horixe adierazten dute azkenaldiko azterketek», ohartarazi du Ana Ramirez de Ocarizek bere ekarpenean.