GARA Euskal Herriko egunkaria

AHTaren proiektua berriz abian Ipar Euskal Herrian

Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako presidenteak prentsaurrekoa eman zuen atzo Baionan abiadura handiko trenaren (AHT) proiektuari buruz mintzatzeko. Egitasmoa bertan behera geratuta zela uste zen, baina Parisetik bultzatu dute berriro, eta Lasserre Lapurdiko hiriburura helduko litzatekeen proiektua finantzatzeko negoziazioei buruz mintzatu zen jada, nahiz eta ostiraleko osoko bilkuran bozkatu behar den proiektuari sostengua eman edo ez.


Duela hiru aste jaso zuen Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Pirinio Atlantikoetako departamenduak Baionara eta Pauera ailegatuko litzatekeen AHTaren proiekturako finantzaketa eskaera, 305 milioi eurokoa hain zuzen ere. 130 milioi inguru lirateke Euskal Elkargoak ordaindu beharrekoak.

Proposatzen den trenbideak Bordeletik Akizerako bidea egingo luke, handik Baionara, eta Lapurdiko hiriburutik Pauera. 2037rako eginda izatea aurreikusten da; 2022an hasiko lirateke proiektua prestatzen eta, 2024an, lanak. Finantzaketaren gaineko erabakia abenduaren 13rako hartua izatea nahiko luke Alain Rousset Akitania Berria eskualdeko presidenteak, baina apirilera arte luzatu daiteke.

Azken hamarkadotan hainbeste zeresan eta borroka sortu dituen proiektuak Kontseilu Nagusiaren sostengua izango duela aurreratu zuen Lasserrek: «Departamenduko zuzendaritzak auzia eztabaidatuko du, baina egitasmoarekin bat egitearen aldekoa da. Baiona eta Pauerentzat etorkizuna da, trenbide zerbitzuak beharrezkoak dira, aireko garraioa ez da aski».

Arazoa finantzaketa da Lasserreren arabera: «Onargaitza da, ez da normala horrela inposatzea finantzaketa gurekin eztabaidatu gabe. Departamendua proiektuaren alde dago, baina negoziatuta eta banaketa onargarri batekin, aipatzen den ekarpena guretzat ez da egingarria».

Egitasmoaren finantzaketaren %40 Estatuak ordainduko luke, %20 Europar Batasunak eta gainerako %40a hurbileko erakundeek, hau da, Akitania Berria eskualdeak, departamenduek eta herri elkargoek. Lot eta Garona eta Gironda departamenduek finantzaketari ezezkoa eman diote, eta Landak ere bide horretan leudeke. Horren aurrean Lasserrek baieztatu zuen bi departamenduetako presidenteekin mintzatu dela eta esfortzua egiteko prest leudekeela, baina egitasmoa beste era batean planteatuta.

Lapurdi zeharkatu?

AHTaren proiektuaren kontrako borrokak luzaz iraun du Ipar Euskal Herrian, gizartearen eta hautetsien mobilizazio historikoak ekarri zituen eta proiektua bertan behera geratuta zela uste zen. Gatazka gehien sortzen zuten auziak finantzaketa eta Baionatik Hendaiarako ibilbidea ziren. Lapurdi zeharkatuko lukeen trenbidea egingo ote den ere zalantzan dago, izan ere, orain arteko proiektua Baionaraino bakarrik aurreikusita dago.

Lasserrek argi esan zuen «arazo handia» litzatekeela Lapurdi zeharkatzea, tarte horretan dauden herri eta hirietatik jada autobidea, trenbidea eta departamenduko errepidea pasatzen direlako oso eremu txikian. Aldi berean, AHTak abiadura handia hartzeko 20 kilometro behar dituela kontuan izanik eta tarte horretan 30 kilometro besterik ez daudenez, ez lukeela merezi ondorioztatu zuen.

Egitasmoaren defendatzaile eta sustatzaile nagusietako bat den, eta izan den, Roussetek lurpetik egin zitekeela aipatu ziola baieztatu zuen Lasserrek. Hala ere, gai korapilatsua denez, oraingoz asmo hori baztertuta dagoela agerian gelditu da.