GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Giedraitis gabe ekin beharko dio Baskoniak Errusiako txango luzeari


Aste gogorra datorkio Bitci Baskoniari gainera. Zortzi egunen buruan, lau partida –igandean Murtzian jokatu zuena barne– eta sei mila kilometro egin beharko ditu. Errusian barrena lehenik, Unics Kazanen aurka bihar eta San Petersburgoko Zeniten kontra ostiralean, eta igandean, Gasteizen, Real Madrilen aurka, txangotik bueltan.

Ez du lan makala Dusko Ivanovicen taldeak; are zailagoa, Rokas Giedraitis gabe. Hegaleko lituaniarrak min hartu zuen Murtzian eta Gasteizen geratu da, Errusiara joan beharrean. Baskoniak berak atzo aditzera eman zuenez, sendagiria «lesioaren eboluzioaren arabera» jasoko du.

Ezin esan, zein neurritan den arina edo larria bere lesioa, baina Ivanovicek domekako prentsaurrekoan esan zuenari so eginez, «aurrez minduta» izan zuen orkatila bera mindu zuen Murtzian.

Taldearen ikasbidea

Lesioei aurre egitea zer den inork badaki, hori Jayson Granger da. Errusiara abiatu aurretik, Murtzian 80-79 galdu izanari larritasuna kendu nahi izan zion Uruguaiko antolatzaileak, batez ere aurrera begira.

«Ez genuen gure partidarik onena egin, nahiz eta irabazteko aukera bat izan. Hala ere, porrot honek Murtziak bezala %100etik gorako intentsitatez jokatzen duten taldeen kontra nola jokatu erakutsiko digu. Taldearen eskarmentuari ongi etorriko zaio», adierazi zuen Grangerrek.

Unics Kazan eta Zenit, astean zeharreko aurkariak, «oso gogorrak» direla onartu zuen. «Badakigu zer-nolako kalitatea duten, baina guk beste bi garaipen kateatzeko aukera baliatu behar dugu», gaineratu zuen.