GARA Euskal Herriko egunkaria
EKITALDIA

Ordizian ospatu da Mendizaletasunaren Galaren 25. ekitaldi berezia

Ordiziako Mendizaleak Taldeak antolatuta, joan den ostiralean Euskal MendizaleFederazioaren zein «Pyrenaica» aldizkariaren sariak banatu ziren.


Otsaila izaten du ohiko hitzordu, baina azken urte eta erdian bizi izan dugun egoerak data irauli du. Euskal Mendizaletasunaren Galari buruz ari gara. Horren erakusle, iragan ostiralean ospatu zen Ordiziako Mendizaleak Taldeak antolatutako festa.

Gainera, aurtengo ekitaldia berezia izan da oso. Batetik, ekimen horrek hogeita bost urte bete dituelako. Eta bestetik, antolatzaile lanetan jardun duen Goierriko taldeak 75. urteurrena ospatu duelako. Berez, iaz ospatu behar zuen, baina, pandemiaren leherketak ilusio guztiak zapuztu zituen.

Aurten, berriz, egoera “lasaitu” da, eta ordiziarrek ondo baino hobeto aprobetxatu dute mendizaleen festaren bultzatzaile izateko. 25. ekitaldi behar bezala ospatzeko, egitarau oparoa eta erakargarria prestatu zuten: dantzariak, musikariak, hizlariak... Horiek ere protagonismoa hartu zuten, baina benetakoa Euskal Mendizale Federazioaren eta “Pyrenaica” aldizkariaren sariek izan zuten. Aitortza horietan, bederen, aldaketarik ez da egon.

Taularatu behar zutenen artean, aurtengo edizioan azpimarratzekoa den hutsune bat izan zen. Iraupen luzeko ibilaldien “Sheve Peña” saria, adibidez, ez zen banatu. Izan ere, berriro ere pandemiarengatik, iaz ez zen ibilaldirik antolatu. Gogora dezagun saritua “Zirkuitua” izeneko finalistek hautatzen dutela.

Protagonista asko

Oholtzara igotzeko aukera izan zutenak Irene Sarrionandia eta Asier Irazabal izan ziren; bi kirolariok mendiko lasterketen saria jaso zuten. Eneko eta Iker Pou anaiek, aldiz, jarduera alpinistiko onenaren “Andres Espinosa” saria.

Ohi den legez, kirol eskaladak ere lekua izan zuen, eta Mikel Linacisoro “Angel Sopeña” aitortzarekin egin zen. Mendiko eskiko jarduera onenaren “Andres de Regil” saria EMFren selekzioko gidariak eraman zuen etxera: Igor Alzelaik.

Gasteiz Mendi Taldea, bestalde, 50. urteurrena ospatzen ari da, eta euskal federazioak ibilbidearen sariarekin omendu zuen. Euskal mendizaletasunaren adiskideak sariaren plaka Iñaki Garciak altxatu zuen. Azken bi aitortzak. Lehena, Silvia Triguerosi “Loli Lopez Peña” emakume mendizalearen saria eman zioten. Eta iaz zendu zen Antxon Burciori segurtasun saria.

“Pyrenaica” aldizkariari dagokionez, aurreratu behar dugu ohiko aitortzak banatu zituela. Emakumeen blogaren “Itziar Lazurtegi Mateos” sariak bi protagonista izan zituen: bisita gehien izan dituen sarrera Mati Sanzen “Pagasarri y Ganekogorta. La inusitada importancia de los montes de al lado de casa” izan da. Eta sarrera gehien izan dituen kolaboratzailea Esther Merino (“Montañas y senderos de Alava”). Blogaren sarian, berriz, Alberto Mellaren “Euskal korrikalariak konfinamenduan” lanak izan ditu bisita gehien. Eta Miguel Angel Covaloria (”Montañas de Euskal Herria y Pirineos”) izan da sarrera gehien izan dituen kolaboratzailea.

Mendi argazkien lehiaketan lehen saria Carlos Mediavillarentzat izan zen “Barranco del rio Agaunza” bildumarengatik. Bigarrena saria Josu Fernadezek eraman zuen (“Negua”). Eta, hirugarrena, Jesus Gainzarainek (“Bosque de Altube”).

Azkenik, “Pyrenaica” aldizkariak mendi artikuluen lehiaketako sarituak jakinarazi zituen. Jose Javier Maeztu izan zen irabazlea, “El karst en las montañas de Euskal Herria”lanarekin. Bigarren saria Eneko Redondok jaso zuen (“Karakorum mendietan zehar gurpelekin bidaiari”). Eta, hirugarrena, Iñaki Carranzak (“Damodar Himal”).