GARA Euskal Herriko egunkaria
XEDEA

Matterhorn-eko «Bonatti» egun luze batean eskalatu dute

Simon Messner eta Martin Sieberer izan dira protagonistak. Zermatt herritik goizeko lauretan irten ziren, eta alpinista historikoaren bidea igo ondoren, gaueko hamaiketan zapaldu zuten gailurra. Alpinistok adierazi dute abentura handia eta gogorra izan dela.


Matterhorn-eko iparraldeko horman dagoen “Bonatti bideak” aura berezia du. Walter Bonatti historikoak zabaldu zuen marra horrek berezitasun asko ditu. 35 urterekin, alpinista gazte hori murru horretan neguan eta bakarka sartu zen. 1965. urtea zen, eta, hiru bibak egin eta gero, otsailaren 22an proiektua ixtea lortu zuen. Egun batzuk lehenago, Gigi Panei eta Alberto Tasotti italiarrek ekinaldia egin zuten, baina ekaitz batek saioa bertan behera uztera behartu zituen.

Beraz, Bonatti historikoak garai haietako alpinista zaildu orori aurrea hartu eta “Bonatti bidea” sortu zuen. Aipatu dugun bezala, 35 urte zituen, eta, bitxia izan bazen ere, adin horrekin alpinista italiarrak ibilbide ikusgarri bati amaiera eman zion. Hots, lehen lerroko alpinismotik erretiratu egin zen.

Ordutik, Matterhorneko proposamen horrek bisita bat baino gehiago izan ditu; beste batzuekin alderatuta, ez gehiegi. Eta “Bonatti”-n sartu direnek, modu batera edo bestera, italiar historiko horri omenaldia egin nahi izan diote. Azkenak, Hego Tiroleko Simon Messner eta Martin Sieberer izan dira. Baina sokada honek, alpinismo modernoan maiz gertatzen ari den bezala, plus bat gehitu nahi izan dio egin berri duen jarduerari.

Zermatt izan zuten abiapuntua. Goizeko 4.00etan, herri horretatik irten eta 9.00etan “Bonatti” eskalatzen hasi ziren. Lan eskerga egin eta gero, 23.00etan gailurra zapaldu eta goizaldeko 2.00etan Solvay-ko aterpera heldu ziren. Denera, 3.000 metroko desnibel positiboa gainditu behar izan zuten. Irakurtzen den bezala, egun oso luzea: 19 ordu.

Siebererrek aurreratu du amets bat egia bihurtzeko aukera izan dutela; baita gehitu ere jarduera gogorra izan zela oso: «Bonattik garai haietan egin zuen jarduera hori muturreko alpinismoarekin lotuta dago. Onartu behar dut sokada asko ez direla bide horretan ausartu; adibidez, lehen errepikapen italiarra 2011. urtean heldu zen. Simonek eta biok badakigu egunean eskalatu dela, eta talde batek 8 ordu baino gutxiago behar izan duela marra hori igotzeko. Baina guztiak ala guztiak Hornli aterpetik hasi ziren; gu, aldiz, Zermattetik. Horrek plus bat eman dio jarduerari».

Baldintza gogorrak

Goizeko 9.00etarako, bi alpinistok “Bonatti”-ren hasieran zeuden. Halako nortasuna duen marra bat eskalatzeko berandu zen, baina, baldintza onak aurkitu zituztenez, lehen metroak soka gerrira lotu gabe igo zituzten. Ondoren, “Aingeruen zeharkaldia” aurrez aurre izan zuten: «Sekzio hori zailagoa da, eta sokarekin aseguratu ginen. Bat-batean, arazoak heldu ziren. Hotz handia egin zuenez, kantinploretako ura izoztu zen. Ezusteko horren ondorioz, eskalada osoan ezin izan genuen ur tanta bat bera ere edan. Horrez gain, izotz beltz eta gogorrarekin egin genuen topo; gure zangosagarrek majo sufritu zuten! Arroka ere nahiko puskatuta zegoen. Gainera, bibaka egiteko ez genuen leku erosorik aurkitu, eta eskaladarekin jarraitzea zen aukera bakarra».

Eragozpen horien guztien erruz, sokadaren erritmoa nahiko mantsoa izan zen. “Bonatti” bidea amaitu eta bide normalekin lotzen den tartean, gauak harrapatu zituen: «Kopetako-argiak piztu eta gailurrera abiatu ginen. Baina ibilbidetik okertu ginen, eta zuzen jarraitzea erabaki genuen. Gainera, deshidratazioak jota geunden».

Gauerdia iritsi baino lehen, bi protagonistok tontorra zapaldu zuten. Jaitsieran Siebererren kopetako-argia matxuratu zen. Kontuz handiz, goizeko ordu bietan Solvay-ko aterpera heldu ziren: «Amets bat egia bihurtzeaz gain, inoiz ahantziko ez dugun abentura izan zen. Walterrek Matterhorneko iparraldeko horman egin zuen jarduera hori txapela kentzeko modukoa izan zen. Denok uste dugu Bonattik muga guztiak gainditu zituela; horretan ez dago zalantzarik».