GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Sekretu ofizialei eustea, inpunitatearen ataria


Sekretu Ofizialen lege berriari buruzko zirriborroa atzo filtratu zen. Beste behin, PSOEk albo batera utzi ditu orain arte defendatu dituen posizioak. Gainera, aipatu zirriborroan nabarmen atzera egiten du dokumentu ofizialak desklasifikatzeko bidean. Bi dira jarrera aldaketa nagusiak: batetik, agiriak sekretupean mantentzeko gehienez 35 urteko epea defendatu du orain arte PSOEk; zirriborro berrian, aldiz, beste 15 urtez luzatzen du sekretua, 50 urtean finkatuz; bestetik, zirriborroak ez du aurreikusten 70eko eta 80ko hamarkadetako sekretu ofizialak publiko egitea. Euskal Herritik begiratuta, hain zuzen, epe horretan burutu ziren argitu gabe dauden gerra zikineko ekintza asko; esaterako, «Naparra» eta «Pertur»-en desagertze behartuak.

Zirriborro horren arabera, Gobernuak trantsizioan egin ziren krimenei buruzko informazio guztia sekretupean mantentzen jarraituko du. Hori larria bada, are larriagoa da krimen horietako askoren atzean, behin eta berriz, Estatuaren esku luzea agertzen dela. Hortaz, proposamenak agerian uzten du Gobernuak ez daukala gertakari horiek argitzeko batere borondaterik. Kontuan hartu behar da, halaber, epe horiekin gerra zikinaren biktimei eta desagertuen familiei egia, justizia eta erreparazio eskubideak ukatuko lizkiekeela. Sekretuen gaineko lege honek babesten dituen ekintzen biktimek 50 urte itxaron beharko lituzkete beren kasuak argitzen hasteko. Epe horretan ia ezinezkoa izango litzateke egileen aurka bide penaletik jardutea, eta litekeena da biktima eta senideak zer gertatu zen jakin gabe hiltzea.

Gobernuak ez du inolako asmorik Estatuaren gaineko susmoak argitzeko. Beharbada, sekretu horiek aireratzeak baieztatu egingo lituzkeelako Estatuaren aparatuek operazio eta krimen jakin batzuetan parte hartu zutelako usteak. Sekretu ofizialak modu horretan gordetzea inpunitatearen ataria da, eta, era berean, estatu-arrazoiaren izenean ankerkeria gehiago egiteari atea irekita uztea.