GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
IñIGO ETXEBERRIA
BEHOBIA-DONOSTIA LASTERKETAREN KOORDINATZAILEA

«Pandemiaren ondorioz galdutako txispa hori berriro piztu nahiko genuke»

Eskarmentua du Iñigo Etxeberriak proba hau gauzatzeko urteetan zehar izan dituzten arazoekin, baina koronabirusaren pandemia berria izan da denontzat. Orain, lasterketa bueltatzeak ekonomikoki Fortuna KE klubari «egoera oso zailetik ateratzen joateko» balioko dio. Erronken artean emakumezkoen parte hartzea indartzea dago, 2025erako berdintasuna lortzeko.


Bi urte igaro dira probaren azken ediziotik, tartean covid-a etorri baitzen. Bihar, 9.30ean, berriro ere errepidean izango da horren giro ona sortzen duen eta lan gogorraren emaitza den proba honek. Berritasunekin dator pandemia dela-eta.

Luze egin da itxaronaldia?

Egin da oso deserosoa. Burua aldatzen duzu, beste gauza askotan bezala. Betiko martxa aldatzen duzu eta mentalki eskemak apurtzen dizkizu. Egin da luzea, zaila… korapilatsua.

Zer suposatu zuen iazko edizioa bertan behera uzteak?

Bilakaera ikusita, logikoa izan zen. Hasieran izen-ematea martxan jarri genuen eta bageneuzkan 10.000 izen pasatxo. Baina ondoren ikusi zen joera ez zela ona. Tamaina honetako ekitaldietan planifikazioa eta egonkortasuna behar dituzu. Astero aldatzen ziren gauzak eta abuztu bukaeran bertan behera uztea erabaki genuen. Zorionez, ondo, ondoren urriko olatua etorri baitzen eta bete-betean harrapatuko zuen lasterketa garaia. Aurten aldatu egin da, txertaketarekin. Joerak hobera egin du, nahiz eta udara nahiko korapilatsua izan den, baina irailetik minimo bat utzi digu planifikaziorako eta iritsi gara.

Eta orain zer suposatzen du zuentzat berriro ospatzeak?

Mentalki martxan jarri eta normaltasun batera iristeko lan egiteko bidea. Ekonomikoki ere klubari dagoen egoera oso zailetik ateratzen joateko balio dio. Horrek guztiak buruari eragin positiboa emango dio eta erantzunarekin oso pozik gaude, 20.000-25.000 izango genituela pentsatzen baikenuen.

Zergatik ostadarraren sinboloa?

Pandemia hasi zenean, itxialdian, erabili zen eta ideia bezala geratu zen, gehienbat irudikatzeko ekaitza edo okerrenaren pasatze hori eta garai hobeak bueltatzen zirela. Koloreak ere alaitasuna emateko, garai beltzenetatik garai alaiagoetara pasatzen garela irudikatzeko.

Denbora honetan jendearen berotasuna nabaritu al duzue?

Bai, oso jarraitzaileak direnen animoak nabaritzen dira. Agian falta da besteetan nabaritzen den berotasun puntu hori. Harremanak izateko moduan baldintzatuta gaude oraindik. Erantzuna oso polita izan da eta hainbeste jendek izena ematea, hori da balio duena.

Badirudi atletismoa berriro martxan jarri dela.

Guretzat pena txikia da, udaberriko proba guztiak udazkenera pasa direlako. Konpetentzia handitu da. Mundu mailan, major deitzen diren sei maratoi nagusiak udazkenera pasa dituzte. Estatu mailan, Madrileko eta Bartzelonako probak daude orain. Beldur pixka bat bagenuen, baina oso pozik gaude. Leku horietatik datorren jendeak eutsi egin dio eta portzentaje orokorrarekiko hobetu egin dute. Bertakoek, hainbeste proba izanda bertan, Behobia-Donostian parte hartzea guretzat polita eta garrantzitsua da; estimu berezia diote lasterketari.

Espero al zenuten parte-hartzaile kopurua jaistea (25.379)?

Hasiera batean esaten genuen ‘boom’ antzeko bat izango zela normaltasunera itzultzean. Hori ez da gertatu. Jaitsieran faktore ezberdinak daude, baina covidarena hor dago. Gero bazegoen belaunaldien tendentzia. ‘Baby boom’-ekoak hasi ziren korrikan eta orain belaunaldi hori zahartzen doa. Adibidez, 41-45 urtekoa da belaunaldi nagusia. Proba prestatzeko aurreko lasterketetan ere jaitsiera egon da. Hori aztertzen aritu gara, hurrengo urteetarako ea joera den edo covid-arengatik izan den.

Izen ospetsu batzuk egongo dira.

Badaude Castillejo eta Leiva beteranoak baina hemen arrakasta izan eta oso oroitzapen onak dituztenak. Korrituko duen Jesus Olmosek, adibidez, fruta-denda bat du. Oso azkar korrika egiteaz aparte, goizeko bostetan joaten da lanera. Adidasekin Nuria Lugueros etorriko da eta hemengoen artean Maite Maiora eta Maite Arraiza mendian ibiltzen direnek, edota Aitor Etxeberriak, Donostiako 15 kilometroak irabazi zituenak, paper ona bete dezakete. Mediatikoa den eta profil oso esanguratsua duen Susana Rodriguez ere arituko da. Tokioko Paralinpiar Jokoetan triatloi proban txapeldun izana da, “Time” aldizkarian agertu zen eta medikua da.

Emakumeen parte-hartzeak ere apur bat behera egin du (6.491). Nola ikusten duzue 2025erako duzuen 50/50 erronka?

Hasieratik esan genuen zenbaki oso altuak direla eta erronka oso zaila dela. Baina ez bagenuen erronka anbizioso bat jartzen, ez zuen hainbesteko esangurarik izango. Aurten egia da, honekin guztiarekin, dena oso murriztuta utzi dugula eta ez dugula jarraitu lehenagotik genuen lana, baina bueltatuko gara eta jarraituko dugu, jakinda anormaltasun batean bizi garela orain.

Ea berrindartzen dugun. Emakume gazteen artean joera bat ikusten ari da: gehiago ikusten dira kalean, lotsa guztiak galtzen eta ohitura hartzen ari dira. Hori oso garrantzitsua da, neska gazteenak sozialki erreferenteak izatea. Izebak, amak, lehengusina zaharrenak… honelako lasterketetan parte hartzen ikustea. Lehen gizonezkoentzako bakarrik egiten ziren probak eta horrela bai eman daiteke salto bat.

Zer espero duzue biharko lasterketaz?

Izena eman duenak badaki disfrutatzera datorrela. Horrek guztiak kutsatzen ditu giroa, ikusleak… eta espero dezagun lehen genituen sentsazio horiek berreskuratzea. Eta helburu bezala, parte-hartzaile guztiak irribarre batekin ikustea helmugan edo emozionatuta.

Aurten agian emozio gehiagorekin, pandemiaren ondoren…

Baita, baita. Pertsonalki, ikusten dut oraindik txispa pixka bat falta zaigula gauza guztietarako, baina agian piztuko da txispa hori.