2021 AZA. 15 Egipton da itxaropena, Glasgown gertatutakoa errepika ez dadin COP26 goi-bilera ustekaberik gabe amaitu da, hasi aurretik espero zen bezalatsu. Ez dago akordio handirik eta herrialde aberatsenek ez dute gogo handirik erregai fosilak behingoz kentzeko, Lurreko batez besteko tenperatura 1,5 gradu baino gehiago igo ez dadin. Egipton egingo den COP27ra mudatu da itxaropena. Baina denbora agortzen ari da. Arturo LARENA EFE Askorentzat «bla, bla, bla gailurra» izan da, Greta Thunbergek iragarri zuenaren gisakoa. Beste behin ere, gutxirako balio izan du munduko buruzagi garrantzitsuenen COP26 goi bilerak. Urtetik urtera negoziazioetan errutina berberak izaten dira –eta 26 ekitaldi dira jada–, eta gero, azken orduetan, agian lanen intentsitatea justifikatzeko, konferentzia in extremis luzatzearen antzezlana ia ohitura bilakatu da. Kontua da negoziatzaileek ez dutela nahi adina denbora, eta guztiek ez dute presa berbera erakutsi 2050ean ekonomia deskarbonizatzeko. Adibide gisa, Indiak emandako sorpresa, azken osoko bilkuran ustekabeko zuzenketa bat sartu baitzuen. Zuzenketa horren arabera, ikatza «pixkanaka ezabatzetik» «pixkanaka murriztera» igaro da, eta horrek atzeratu egingo du erregai horren deuseztatzea. COP26an hamahiru lanegun izan dira, ezin izan baita epearen barruan amaitu, eta espero zena gertatu da. Azken aldian lortu ez dena, hau da, Madrilgo Cop25etik hartutako akordioetan aurrera egitea, zaila zen bi aste hauetan erdiestea. Ulertu behar da hori horrela dela dokumentu ofizialetan xehetasun txikiena ere begiratzen delako, edozein termino, puntu, koma, eta beste, adostuta egon behar delako. Interes ekonomiko eta geoestrategikoek herritarren aldarrikapenek eta neurriak hartzeko premiak baino pisu handiagoa dutela dirudi. Eta herrialde aberatsak erregai fosilen aroari amaiera emateko ibilbide-orria zehazten hasi diren arren, erregai horiek oraindik ere munduko ekonomia mugitzen jarraitzen dute. Hala, ulertzekoa da ordezkari eta behatzaile askoren etsipena, azken testuetan erregai fosilak ezabatzeko konpromisoa ahuldu baita. Errudunen artean, besteak beste, Australia, Saudi Arabia eta Errusia. Aurrerapenak eta erronkak Alderdi positiboenen artean daude AEBak negoziatzera itzultzea, zeina per capita CO2 igorle handiena baita, eta Txinarekin (termino absolutuetan igorle handiena) ondu duen akordioa, arazoa konpontzeko elkarrekin lan egiteko. Biodibertsitatea ekintza klimatikoan txertatzeko lanetan ere aurrera egin da, bai eta metano-emisioak murrizteko eta basoei eta basoberritzeari buruzko akordioetan ere. Finantzaketa arloan «hau nork ordaintzen du» auzia konpontzea falta da, nahiz eta adituek baieztatzen duten ekintzarik ezaren kostua askoz handiagoa izango dela. Baina ez soilik diruaz, bizitzak galtzeari buruz ari gara, klima-aldaketak eragindako pertsonei eta kalte material izugarriei buruz, eta ez da epe barruan bete Funts Berdearen urteko 100.000 milioi dolarreko transferentzia-konpromisoa. Oraindik ere erronka da 2019tik 2025era finantzaketa bikoiztea. Horregatik, Glasgow amaituta, neurri eraginkorrak hartzeko itxaropena Egipton egingo den COP27an jarrita dago. Baina bidea luzea da eta pausoak, daudenean, txikiegiak dira. Emisioak handitzen ari dira, eta muturreko fenomeno meteorologikoak areagotu egiten dira batez besteko tenperaturen igoerarekin batera. Denbora agortzen ari da. INTERESES