GARA Euskal Herriko egunkaria

Atzegizalearen figura nabarmenduko du Atzegik elkartearen aurtengo sentsibilizazio kanpainan


Gipuzkoako adimen urriko pertsonen alde lan egiten duen Atzegi elkarteak 60. urteurrena ospatzeko ekitaldi bat antolatu du Donostiako Kursaal jauregian abenduaren 20an, eta, bertan, atzegizalearen figuraren garrantzia nabarmenduko du. Adimen desgaitasuna duten pertsonekiko jarrera positiboa duten pertsonak dira atzegizaleak eta elkarteak egiten duten ekarpena aitortuko du.

Atzegik atzo oroitarazi zuenez, atzegizalearen figura duela hogei urte sortu zen eta aurtengo kanpainak figura horri balioa eman nahi dio, adimen urriko pertsonen bizitzan duten eragina ezagutaraziz. «Urteotan atzegizale komunitatea hazi egin da eta jarraitzaileak batu ditu», azaldu zuen eskertuta elkarteak.

Patricia Ayo kanpainaren koordinatzaileak urte amaierara bitarte programatutako ekintzak aurkeztu zituen atzo, baita pandemiagatik urtebete atzeratu behar izan duten urteurren ekitaldian landuko dituzten materialak ere. Tartean da adimen urriko pertsonen egunerokotasuna eta arazoak islatzen dituen animaziozko pieza bat.