GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Bidasoako tragedian galdu diren bizitza preziatuak


Hirugarrenez azken sei hilabeteotan, migrante baten hilotza aurkitu dute Bidasoa ibaian. Basamortuak, gudak eta Atlantiko harroa zeharkatu ondoren, Irunen hil da. Bere bidaia luzearen azkenetako txanpan, gure herrira iristen zen lehen aldian. Euskal Herritik Euskal Herrirako muga igarobide hori tragediaren sinonimo bihurtzen ari da iparraldean gora Europara heldu nahi duten migranteentzat. Bidasoan aurkitu dituzten hilotz horiek, lehenik, oroigarri bat dira: gurean ez dute harrera egokirik, ez dago igarobide segururik. Gero eta jarrera itxiagoak daude, harrera zerbitzuak gero eta utziago, muga pasatzea gero eta zailagoa da. Zitala da, alternatibak eta bide seguruak badaudelako; eta zinikoa, plantak egiteko hitzak asko eta esku hartze publikoa eskasa direlako; eta gizagabea.

Ez dakigu jazarpenetik ihes egiten zetorren aita den, edo bere familiarentzat aukera bat izan eta ematera etorritako semea; ez dakigu nor den, baina bere bizia arriskuan jarri eta Bidasoan hil denak bere historia dauka, euskaldun guztiok igarri eta aitortu dezakegun bizitza propioa. Ez dakigu bere izena, baina bai bizitza guztiak preziatuak direla. Eta hori, dolu hitzetatik harago hartu behar diren neurriak eztabaidatzean eta hartu ez diren neurriak salatzerakoan, beti gogoan izan beharko genuke. Hortik aurrera, sen onak esaten du migranteei gauzak zailtzeak, harrera murrizteak eta pasoa eragozteak, ez duela Bidasoan itota hiltzen diren migranteen tragedia saihesten. Alderantziz.

Tragediak argazki handiago bat ere erakusten digu. Bidasoa eskualdeko Harrera Sareek migranteen alde egiten duten lan itzel eta eskuzabalak ez ditu ezkutatzen gure erakundeen utzikeria publikoa, hitzontzi iruzurtiek zuriturikoa. Migranteei gizatasuna kentzen dieten erretorika eta politika deliberatuak hor daude. Eta arrazismoz blaituriko migranteen inguruko susmoak. Izan bedi Bidasoan gertatua aurreiritziok borrokatzeko akuilu eta gure politikarientzat gizatasun partekatu baten oroigarri.