GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Hasieran eutsi eta amaieran hautsi

Elezkanok eta Zabaletak bigarren garaipena lortu dute 14-13kora arte maila bikaina eman duten Irribarria-Rezusta menderatuta.


ELEZKANO-ZABALETA 22

IRRIBARRIA-REZUSTA 16


Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak Binakako Txapelketaren ligaxkako bigarren garaipena eskuratu zuten Azkoitian, Iker Irribarria eta Beñat Rezusta 22-16 menderatu ondoren. Egungo txapeldunek iaz erakutsitako joko maila bikainari eusten diote aurten eta sailkapenaren buruan kokatu dira, jokatutako bi neurketak irabazita, Laso eta Imazekin berdinduz.

Argi dago bikote honen indarra batez ere atzean dagoela, Zabaletak azken urteotan erakusten duen nagusitasunean, baina orain arte jokatu dituzten bi norgehiagoketan defentsako lanean aritzea ere tokatu zaie, eta horretan ere bikain moldatu dira. Udako partida askotan Etxarrengo atzelariak partidak hasieratik apurtzen zituen arren, aurreneko bi jardunaldi hauetan lan asko egitea tokatu zaie, eta bigarren zatian erabaki dituzte demak, fisikoki aurkaria baino osoago iristen direlako azken txanpara.

Azkoitiko neurketaren lehen erdi luzea benetan ikusgarria izan zen. Iker Irribarriak eta Beñat Rezustak asko atzeratu zuten pilota eta Jose Javier Zabaletari sufritzea egokitu zitzaion behin baino gehiagotan. Askotan airez jardun behar izan zuen defentsan –egoera arraroa– eta markagailuan parekotasuna izan zen nagusi 14-13kora arte.

Erritmo oso bizian jokatuz, bi atzelariak nabarmendu ziren batez ere lehen zati horretan, erasoan nahiz defentsan egin zuten lanagatik. Eta bi tanto bikain izan ziren horren erakusgarri: 4-1ekoan Zabaleta izan zen tantoa ezker airez pilota goxo txokoan utzita amaitu zuena, aurrelari lanetan ikusgarri jardun ostean; 6-8koan Rezustak egin zuen dejada bikaina zabalean, aurrez pilota benetan zailak eraman ondoren.

Baina aipatu bezala, 14-13ko horretatik aurrera urdinen artean nekea nabaritzen hasi zen. Atzean Beñat Rezustak jada ez zuen hasieran bezala behartzen Zabaleta, eta aurrean Iker Irribarriaren hutsak iritsi ziren, gehitxo 22ra heldu ahal izateko. Danel Elezkanok, aldiz, begia oraindik horituta zuela aurreko jardunaldian jasotako pilotakadaren ondorioz, oso inspiratuta jarraitu zuen amaierara arte eta horrela ulertu daiteke markagailuak bukaeran erakutsi zuen 22-16koa. Hasieran eutsi eta gero hautsi, horixe izan zen bidea.