GARA Euskal Herriko egunkaria

Xafla luzea ugaltzen


Gero eta gehiago dira xafla luzearekin surf egiten duten surflari gazteak eta nerabeak. «Xafla luzea» izena duela gutxi ezagutu dut, orain artean «tabloia» edo «longboard» izenez izendatua ikusi dut, baina txapelketa herrikoi batean «xafla luzea» deitzen zutela entzun nuen eta izen berria gustatu zitzaidan, modalitate honek bai baitu ohiko surf ikuspegia gainditzen duen bestelako begirada estetiko bat. Xafla luzearekin, ZER egiten den baino garrantzitsuagoa da NOLA egiten den.

Taula txikiarekin surf egiten dugunontzat putada bat da xafla luzea modan jartzea, taula handiagoa dutenek olatuak hartzeko erraztasun eta aukera gehiago baitituzte. Ordea, surfa ulertzeko modua zabaltzen ari den seinale ere izan daiteke eta horrela, bada, interesgarria izan daiteke.

Duela gutxi arte bazirudien taula handiekin surf egiten hasi eta taula txikiekin amaitzea zela surflari ororen helburua. Orain, ongi pasatzeko bitarteko moduan ikusten da taula eta ondorioz, uneko baldintzei egokitzen zaion taula hautatzen du surflariak. Horregatik, esperientzia handiko surflariak hasi berrientzako kortxozko taulekin surf egiten ikus ditzakegu. Baina egiaz zabaldu da surfa ulertzeko modua? Zergatik hasi dira nerabeak xafla luzea erabiltzen?

Artista edo sortzaile gutxi batzuek, taula txikiarekin surf egiteko zaharregiak zirenek eta taula txikiarekin iaioegiak ez zirenek osatzen zuten duela gutxi arte xafla luzea erabiltzen zutenen talde murritza. Orain ordea, gero eta gehiago dira xafla luzea hautatzen duten nerabe eta surflari gazteak. Zein da haien motibazioa? Sorkuntza eta irudimenaren ustezko loraldi batek bultzatuko balitu ulertuko nuke, baina Interneten aroak, hezkuntza sistemak eta gurasoen gehiegizko babesak aspaldi zikiratu zituzten haurren berezko dohain biologikoak.

Nire ustez, hiru aukera daude. Bat, olatu gehiago kontsumitu ahal izateko hautatzen dute xafla luzea. Bi. Taula txikiarekin saiatu ostean ez dute nahi bezalako maila lortu eta beste zerbaitekin nabarmentzeko beharra sentitzen dute. Hiru. Egiaz garaiak aldatu dira eta surfarekiko ikuspegia aldatu da, gazteek zein surf mota egin nahi duten hautatzerako orduan gehien gustatzen zaien modalitatea hautatzen dute. Azken aukera hau erreala izatea gustatuko litzaidake, baina ez dut uste inondik ere puntu horretan gaudenik. Badira egiaz xafla luzearekin surf egitea maite duten surflari gazteak, oso pertsona bereziak dira, irudimen handikoak eta burujabeak, baina oso gutxi dira.

Hainbeste surflariren artean gero eta zailagoa da lehen begiradan «egiazko longboarderrak» nortzuk diren asmatzea. Lehen multzoko surflariak oso erraz identifikatzen dira, olatuak gozatu baino kontsumitu egiten dituzte. Ez zaie errespeturik zor, abantailarekin jolastu nahi duenari «abantailarekin» erantzun behar baitzaio. Bigarren multzoko surflariak errespetatu behar dira, eskaskeriak bultzatuta hartu dute xafla luzearekin surf egiteko hautua, baina errespetatu behar zaie. Hirugarren multzoko artistak ordea, errespetatu eta miretsi egin behar dira, ez baitute artaldetik kanpo egoteko hautua egin, historikoki, artaldeak berak kanporatu ditu.