2021 ABEN. 04 Irekitzen ari diren sumarioengatik kezka agertu dio EPPK-k Foroari EPPK eta Foro Soziala, Logroñoko espetxeko bileran, ongietorriei buruzko erabakiak izandako erantzunarekin pozik agertu dira. Aurrera begira jarrita, «ebatzi gabeko kasuez» eta irekitzen ari diren sumarioez mintzatu dira. GARA DONOSTIA EPPK-ren eta Foro Sozial Iraunkorraren arteko harreman iraunkorrari eutsiz, bilera berri bat izan zuten atzo Logroñoko espetxean. Jon Olarra eta Ainhoa Mujika izan ziren EPPKren ordezkariak eta Agus Hernanek hartu zuen parte Foro Sozial Iraunkorraren partetik. «Gaurko saioan –atzo–, bi aldeek positibotzat jo dituzte joan den astelehenean, azaroak 29, EPPK-k plazaratutako agiriak jaso duen harrera eta izandako erreakzioak», nabarmendu zuen Foroak lehenik eta behin: «Eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialek adierazpenaren balioa eta tamaina ulertu dute, Aieteren hamargarren urteurrenean sortutako agertokia sendotzeko testuinguruan». «2019. urtetik bi aldeak lantzen ari diren gaia da hori. EPPK-k eskertu egin ditu Foro Sozial Iraunkorrak egindako errazte lanak eta beharrezko adostasunak eraikitzea funtsezko bi gairen inguruan: biktimekiko enpatia eta presoek familien eta gertuko pertsonen aldetik harrera jasotzeko eskubidea. Foro Sozial Iraunkorrak ere gaiari buruzko bere balorazioa helarazi dio: adierazpen garrantzitsu bat da, eta bizikidetza demokratikoari ekarpena egiten dio», erantsi zuen. Etorkizunari begira jarrita, «ebatzi gabeko kasuen» gaia aztertu dute. «Foro Sozial Iraunkorra aspalditik ari da gai horretan lanean, eta, biktima guztientzako egia, justizia eta erreparazioa helburu, nazioarteko esperientziak aztertzeko eta biktimentzako sendagarri izango diren mekanismo berritzaileak bilatzeko konpromisoa hartua du. Bi aldeek adostu dute gai hori beren lan-agendan sartzea», dio oharrak. «Ez dira bidea» EPPK-k, berriz, «kezka agertu du, bai presoei bai kartzelatik atera diren beste pertsona batzuei eragiten dieten sumario berriak irekitzeko dagoen bultzada judizialagatik. EPPK-ren ustez, beste ikuspegi batetik jardun behar da ‘ebatzi gabeko kasuak’ deritzonaren aurrean, bai erakunde armatuek eragindakoei dagokienez (ETA-pm, ETA-m eta CCAA), baita ‘gerra zikinak’ eta epaiketarik gabeko hilketek eragindakoei eta milaka tortura-kasuei dagokienez ere; horiek guztiak Estatuak eta bere poliziek sustatuak edo zuzenean eraginak». «EPPKren aburuz –jarraitzen du Foroaren oharrak–, errealitate hori guztia gatazken konponbidearen ikuspegitik aztertu beharko litzateke, nazioarteko estandarrek definitzen duten bezala, Justizia Trantsizionalaren doktrinaren barruan, eta, hala badagokio, Egiaren Batzorde bat sortuz, lortu ahal izateko, hain zuzen ere, egia, aitortza, erreparazioa eta gertatutakoa berriro ez errepikatzea. Helburua ez da inola ere izan behar mendekuaren eta sufrimenduaren noriatik irtetea eragozten duten eta, azken batean, indarkeriaren zikloaren ondorioen konponbidearen behin betiko amaieratik urruntzen gaituzten salaketak, auzipetzeak eta zigorrak ezartzea». Kaleratzea helburu Bestalde, jakina da azken ikasturtean presoen muturreko urruntzea arintzeko urratsak egin direla, baina oraindik ere kontu ugari daude konpontzeke eta horri erreparatu diote Logroñoko bileran. Hiru atal zehaztu dira. Lehenik, «preso guztiak beren aukerako kartzeletara eramatea, bai Nafarroako Foru Komunitatean bai Euskal Autonomia Erkidegoan». Bigarrenik, «presoei ezartzen zaien salbuespen-araudia nahitaez gainditu behar da, eta araudi arrunta aplikatu behar da. Horren ondorioz, kartzelatik ateratzeko baimen arruntak eskuratzeko eskubidea gauzatuko da, hirugarren gradura espetxean aurrera egin ahal izango da eta baldintzapeko askatasuna lortu ahal izango da, horretarako eskubidea ematen duten banakako betebeharren arabera». Hirugarrenik, «birgizarteratze-plan orokor bat zehaztea dago. Plan horrek erakunde publikoak izan behar ditu buru, inplikatutako eragileekin (presoak barne) adostu behar da eta presoei lagundu behar die euren birgizarteratzeko banakako ibilbidean, bai baldintzapeko askatasuna lortzeko bidean, bai ondoren birgizarteratzeko eta laneratzeko bidean. Birgizarteratze-ibilbide horrek behar besteko bermeak izan behar ditu emandako pausoek aurrera egingo dutela ziurtatzeko eta, era berean, Espetxeetako Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde eskudun batzuek lagunduko dutela ziurtatzeko, baliabideak ezarriz eta politika koherenteak abian jarriz». «Nafarroako eta EAEko kartzeletara eramatearen inguruan, bi aldeek azpimarratu dute presazkoa eta zentzuzkoa dela egungo trantsizio egoera gainditzea. Preso guztiek kartzela horietan zigorra bete dezaten behin betiko agertokirantz irmoki aurrera egin behar da. Trantsizio epe hori ezin da tantaz tantakoa izan, eta ezin da egon Madrileko eztabaidak sortzen duen etengabeko krispazioaren mende; aitzitik, modu irmo, orokor eta presazkorekin heldu behar zaio gaiari», dio Foroak. Azkenik, bileraren zati garrantzitsu bat Behatokiko laugarren monografikoaren gainean egindako deskarguari buruzkoa izan dela esan du Foro Sozialak: «Auzitegi Nazionalak birgizarteratze-ibilbideei jartzen dizkien oztopoei buruzko lan honi buruz Foro Sozialak egindako kudeaketak, emaitza eta egiten ari zaion harrera izan dira hizpide».