GARA Euskal Herriko egunkaria

Presoen euskara ikasteko eskubidea bermatzeko eskatu diote Lakuari


«Isilpean aritu gara euskal presoei euskara irakasten, lan polita izan da, emaitza bikainak eman ditu, eta horren berri eman nahi dugu. Bestetik, bada garaia Jaurlaritzak ardura bere gain har dezan: euskara ganoraz ikasteko eskubidea bermatu behar zaie presoei». Hala mintzatu zen GARArekin Haizea Uriagereka. Bera bezala, euskaltegietako irakasle ofizial eta titularrak dira euskal presoen euskara irakasle taldea osatu duten boluntarioak.

2017an urrundutako euskal preso batzuei euskara eskolak ematen hasi ziren. Garaiko EGA titulua eskuratzea aitzakia hartuta, dispertsioak sortzen dituen kalteetako bat arintzea bilatu zuten, euskara ziega zuloetaraino eraman eta hizkuntza gaitasunean aurreratzen laguntzea. «Zortzi irakasle hasi ginen, bederatzi presorekin, baldintza eskasetan, baina esfortzuak emaitzak eman zituen: euskarak ziegetako hormak zeharkatu zituen, ikasleak pozik, eta senideak eta gu asebeteta. Gainera, bederatziek lortu zuten EGA, titulu mitikoaren azken urtean», oroitu zuen taldeak.

Arrakasta ikusita, eta presoen beharraz ohartuta, deialdia zabaldu zuten. 45 ikaslek eman zuten izena, eta bertze hainbertze irakaslek.

Atzo Durangoko Udal Euskaltegian bildu zen irakasle eta preso ohi talde bat. Euren lana publiko egiteaz gain, Lakuako Gobernuari exijitu nahi izan zioten bere gain har dezala, espetxeen gaineko eskumenarekin batera, presoek euskaraz ikasteko duten eskubidea bermatzea. Ikasle ofizial gisa aitortu, eta baliabide egokiak eskaintzea erran nahi du horrek

Izan ere, «HABEk irakasle taldeari seriotasunez egindako lan ona aitortu badio ere, oraindik ere ikasle presoen matrikula orriek ez dute ofizialtasun mailarik eskuratu».

33 matrikula orri mahaian

45 irakasle boluntario inguru dira euskal presoei euskara eskolak ematen ari direnak. 2021-22 kurtsorako 33 ikaslek eman dute izena, eta horiei tutoretza emateko prest daude.

Hagitz kontent daude orain arteko emaitzekin. «%80k lortu dute mailaren bat egiaztatzea. Asko C2an dabiltza, C1en ere asko, ikasle oso finak dira», baloratu zuen Uriagerekak.

«HABEk berak onartu digu emaitzekin harrituta dagoela. Eskola emateko baldintzak ez dira batere egokiak, mila oztopo ditugu, eta halere lortu dugu. Alde batetik, materiala sartzea ez da erraza, pakete bidez egiten dugu, senideek edo guk sartuta. Batez ere gutuna eta, kasu batzuetan, telefono deia izaten dira komunikatzeko bide bakarrak. Ez dute onartua euskara ikasteko baimen berezirik, eta deiak edo bisitak kenduz egiten dugu dena. Gutun bidez ematen dizkiegu azalpenak, idazlanen zuzenketak ere hala egiten ditugu, eta ez dugu entzumenak egiteko modurik». Senideak «aliatuak» dituzte eta euren bidez ere lan egiten dute. «Aipatu iezaiozu hau edo bestea», erraten diete familiakoei.

«Arnasgune itzela»

Prentsaurrekoan preso ohi batek ere hartu zuen hitza eta adierazi zuen «arnasgune itzela» izan zela berarentzat kartzelan zegoela euskara ikastea. Kideen eta bere izenean lana eskertu zien irakasle guztiei.

«Euskara herri kohesiorako tresna dugu. Zentzu horretan, edozein gizarte prozesutan euskararen ezagutza eta erabilera ezinbesteko osagaiak izan behar dira. Kartzelak euskaltegi bilakatzeak hormen arteko bizitza harmoniatsuagoa bihurtuko luke. Onurak baino ez lituzke ekarriko. Eta erdi askatasun moldean ere, euskara ikasteak erraz dezake presoak gizartean sustraitu eta euren harreman sareak berregitea», nabarmendu zuten irakasleek.