GARA Euskal Herriko egunkaria
LEHEN MAILA

Goi mailako derbi berria hartuko du Lezamak

1211_kir_femeninoa

Athleticen kontra lagunartekoren bat eta Euskal Herriko Kopako azken finala jokatu badu ere eta Lezama aurretik ezagutu arren, Alaves lehen aldiz bertaratuko da gaur (12.00, Footters) Lehen Mailako derbi bat jokatzeko. Berria izateaz gain, derbia goi mailakoa izango da, denboraldi hasiera fina gauzatzen ari baitira talde biak. Horrela adierazi du Iraia Iturregik; «poztekoa da sailkapeneko lehenengo bost taldeetatik hiru euskal taldeak izatea; horrek erakusten du zein maila daukagun euskal futbolean», azpimarratu du.

Bosgarren postuan dago bere taldea, Alavesengandik puntu eta postu bakarrera. Garrantzitsua da, beraz, partida. «Goialdean egon nahi dugun taldeontzat denak dira garrantzitsuak», esan du entrenatzaile bizkaitarrak, hala ere. Irabazteko behar berezirik ere ez dio antzematen bere taldeari, azken bost jardunaldietan garaipen bakarra ospatu duen arren, zuri-gorriek egin duten lanari eta eskaini dituzten «sentsazioei» garrantzia emanez. Baina onartu du «azkenean garaipenek axola dute» eta ez dauka inolako zalantzarik talde biak zelairatuko direla helburu garbi horrekin. «Gora goazen bi talde gara, ausartak. Gainera, eurak konfiantza handiz etorriko dira, gauzak oso ondo egiten dituzte… Partida polita eta irekia izango dela uste dut».

Monente da zuri-gorrien baja bakarra. Alavesek, bere aldetik, Gema Soliveresen zalantza dauka. Gainerako zuri-urdin guztiak prest daude norgehiagoka «berezi» bat jokatzeko. Talde gasteiztarraren helburua, berriz, asterokoa izango da. «Anbizio osoarekin joango gara, garaipena lortzera, baina baita apaltasun osoarekin ere», adierazi du Mikel Crespok.

Athleticek, bestetik, Lezamako ateak irekiko ditu berriro harmailak girotzeko asmoarekin. Sarrera doakoa izango da, baina klubak azaldu duenez, edukiera kontrolatuz segurtasun-neurriak betetzeko, beharrezkoa izango da partidaren aurretik Lezamako leihatiletan gonbidapenak eskatzea jokalekura sartu ahal izateko.

Eibar-UDG, Mintxetan

Eibarrek Mintxetan jokatuko du, bihar (12.00), Granadillaren aurka. Partida Unben jokatzekoa zen, ohi denez, baina euriak eragindako lur-jausi baten ondorioz, errepidea moztuta dago eta asteburuko jarduera guztiak bertan behera geratu dira.