GARA Euskal Herriko egunkaria
PROTAGONISTA

Stasa Gejo biluztu egin da bereosasun arazoak ezagutaraziz

Lehietan maila handia ematen ari den 23 urteko serbiarrak elikadura nahasmenduekin izan dituen gorabeheren berri eman du.


Gauza jakina zen, baina inork ez zuen txintik esaten. Lehen lerroan (eta maila txikiagoetan ere) ibiltzen diren eskalatzaileek elikadurarekin zein pisuarekin arazo ugari izan dituzte (edo dituzte). Hots, elikadura nahasmenduekin. Gai hori kudeatzen saiatzen dira. Batzuek lortu dute oreka egokia lortzen; beste batzuk, ordea, “zuloan” erori dira. Gainera, gaia tabu hutsa denez oraindik ere, gorabehera guztiak isilean gorde dituzte.

Alabaina, “Light” dokumentalarekin, Caroline Treadwayk lerrootara ekarri dugun auzia agerian jarri du. Duela hilabete batzuk, lan hori pantailetara eraman zuen, eta badirudi bazter asko aztoratu dituela. Eta hori diogu, besteak beste, izen handiko eskalatzaile batzuek isiltasuna hautsi dutelako, dituzten arazoen berri emanez.

Horietako bat Stasa Gejo dugu. 23 urteko eskalatzaile serbiarra da, eta, arrokan oraindik maila handia eman ez badu ere, lehietan espezialista handia dela erakutsi du. Batez ere, boulderrean. Adibidez, bitan brontzea eskuratu du Munduko Txapelketan. Eta Munduko Kopan makina bat aldiz ikusi dugu finaletan nor baino nor.

Hain zuzen ere, azken urteotan lehiatzen ari zen bitartean elikadura nahasmenduekin izan dituen arazoen berri eman digu. Hitz gutxitan esanda, janariarekin zein muturreko argaltasunarekin izan dituen etengabeko borrokei azpimarra berezia egin die: «Arinago eskalatzeko, eta, jakina, sasoiari eusteko, erabaki arras txarrak hartu nituen. Baina beste kide batzuek ez bezala, azkenean aukera izan nuen bide egokia hartzeko. Pisua hartu eta giharrak sendotu nituen. Horrek guztiak indar gehiago eta lehietan emaitza oso onak eman zizkidan».

Gejok eginiko adierazpenen laburpena hori litzateke, baina bizi izandako eskarmentu gogorraren inguruan adierazpen askoz ere zabalagoak egin ditu. Hala, testigantza hori hurrengo lerroetan jasoko dugu.

«Arazoei aurre egin»

«Metro bat eta 75 zentimetroko garaiera dut. Oso argala nintzen. Giharrik ez nuen. Hori baino lehen, 15 urterekin, lodia nintzen. Neska askori gertatzen zaigun bezala, nire errendimendua oso eskasa zen. Hobetu ahal izateko, hainbat neurri hartu nituen. Besteak beste, argi neukan kilo batzuk kendu behar nituela. Hartutako estrategia guztiek, epe luzera, ez zuten funtzionatzen. Zer edo zen zorrotzagoa egin behar nuen. Gozokiak eta karbohidratoak baztertu eta pisua galdu nuen. Ohartu nintzen nire sasoia indartu nuela. 57 kilo pisatzen nituen. Eta 55 kilo izatera ere iritsi nintzen.

Emaitza bikainak lortzen hasi nintzen. 2015ean eta 2016an, jubenil mailan, hitzordu ofizial ia guztiak irabazi nituen. Jarraian, seniorretan lehiatzen hasi nintzen. Gorputza erabat txikituta nuen, eta, hala, 2017ko Munduko Kopan ezer gutxi egiteko aukera izan nuen. Proba guztietan oso gaizki sentitzen nintzen; finalerdietara sailkatzeko arazo ugari izan nituen.

Onartu behar dut garai hartan goseak akabatzen izaten nintzela. Hori gutxi ez, eta hitzordu bakoitzetatik errekuperatzeko arazo handiak izaten nituen. Azala ere ez zen osatzen, eta nire ziklo menstruala bi urtez eten zen.

Hurbilekoenek zein senitartekoek esaten zidaten nutrizionista batekin hartu-emanetan jarri beharra nuela. Eta, zorionez, Mara Andjelkovic ezagutu nuen. Elkarrekin ordu asko igaro genituen, eta aholkatu zidan dieta egoki bat egin behar nuela giharrak indartzeko eta errendimenduan aurrera egiteko.

Entrenamendu espezifiko batzuk egiten hasi nintzen, eta, hilabete baten buruan, asko hobetu nuen. Arazo bakarra nuen: nire irudiarekin ez nengoen batere gustura. Baina egoera berrira egokitu nintzen. 60 eta 63 kilorekin, besteak beste, Europako Txapelketa irabazi nuen. Eta 2018an emaitza ikaragarri on bat ere sinatu nuen: Innsbrucken jokatutako Munduko Txapelketan brontzea lortu nuen.

Berriz atzera egin behar dut. 57 kiloko pisua nuenean, nire gorputzaren masa 18,5ekoa zen. Osasun arauen arabera, ez zen batere ona; kritikoa ere ez. Indize horrekin makina bat lehiakide daude, eta onartu behar dut oso argal daudela eta janariarekin buruhauste handiak dituztela. Horregatik guztiagatik gorputzaren masaren inguruko indize ofizialak ez zaizkit batere egokiak iruditzen. Uste dut neurriok aldatu egin behar direla. Egun argi daukat: hobe da masa muskular handia izan eta indartsu izatea, pisu gutxi izan eta argal-argal egotea baino.

Giharrak sendotu ondoren, atzean utzi nituen sorbaldan nituen minak, eta, gainera, bizkarra sendo nuen. Zoritxarrez, 2019an koltxonetan izan nuen eroriko baten ondorioz, lotailu-haustura izan nuen. Hileko erregular bat izateko pilula bat hartzen nuen, eta errua horri leporatu nion; izan ere, lotailuak ahultzen ditu. Lehiaren aurreko azken astea jan gabe igaro nuen; agian, horrek ere izan zuen eragina. Edo nire pisuak: 65 kilo! Ziur aski, zorte txarra izan nuen; zaila da zergatik lesionatu nuen zehatz jakitea.

Osatzen ari nintzela, indarra lantzen eta entrenatzen jardun nuen. 68 kilo izatera iritsi nintzen. Ez zitzaidan nire itxura batere gustatzen, baina ikasi nuen garrantzitsuena gorputzaren oreka egokia lortzea dela. Nik uste dut gakoa hor dagoela. Pisuan gora egitea ez da inportanteena. Horrekin ez da beldurrik izan behar. Urteen poderioz, nire gorputza nolakoa den eta zer behar duen ikasi dut. Baina hori guztia oso ondo kudeatu behar da. Lehietan emaitza oso onak lortzen ari naiz, janariarekin oreka egokia lortu dut... Eta horregatik argi dut gauza batzuei ezin zaiela uko egin. Adibidez, pizzak jaten ditut; ez asko, baina jaten ditut! Bestalde, errendimenduan gora egiteko, argi daukat karbohidratoak eta proteinak zaindu behar ditudala. Lehia hitzordu baten aurretik pisu pixka bat gal dezaket, baina ez gehiegi. Arestian aipatu dudan oreka horri eustea oso garrantzitsua da. Badakit lehiaketetan aurrean ibiltzeak asko eskatzen duela. Aitzitik, eskaladaz eta bizitzaz gozatzen ikasi behar dugu. Ez etsitzen eta arazoei aurre egiten».