GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Erriberako ikusezinak


La historia la hace el pueblo y la escriben contrabandistas. Cuentan lo que les conviene y lo adornan con mentiras.

Errelato bakarrak kaltegarriak izan dira historian zehar. Izan ziren duela 500 urte eta gaur egun ere badira, bai esaten denean gure herriko emakumeak sorgin arriskutsuak zirela, bai Navarra Suma bezalako alderdiek hemen ez dela sekula euskaraz hitz egin esaten dutenean.

Historia pertsonok egiten dugu. Erriberan, Nafarroa guztian bezala, euskaraz hitz egin izan da eta hitz egiten jarraitzen da. Ez dago paperetara joan beharrik; kaleetan, tabernetan, klaseetan... gure hizkuntza entzun daiteke. Hori horrela, gurea sentitzen dugulako, gurea delako eta hitz egiten dugulako euskara ere hemengoa da. Euskaraz egiten ez dela esatea historiaren kontra egitea da.

Erriberako ikasle askok pairatzen ditugu zonifikazioaren kalteak. Gaur egun, egoeraren larritasuna ez da lasaitu. Lege horrek, errealitate linguistikoa errespetatzetik urrun, euskararen erabilera murriztea eta zapaltzea du helburu. Beste behin ere, errelato bakarrak erriberatarron egoera linguistikoa distortsionatuz.

Esaten dute euskaraz ikasteko eskaera egun dauden medioek betetzen dutela. Baina hori ez da horrela. Eskaintza gutxi dago, gutxi eta guztiontzat eskuragarri ez dena. Txikitatik euskaraz ikasi nahi izatea, ez da nahikoa. Familiaren sostengua nahitaezkoa da euskaraz hezteko dirulaguntza urriak direla medio. Eguneroko autobusak, matrikula garestiak, baliabideak, jangela... Familia ugarik egin behar duten esfortzuaren iceberga besterik ez dira. Traba guztiak medio, bagara euskaraz ikastea lortzen dugun pribilegiatu batzuk. Txikitatik euskaraz ikasi arren, DBH amaitzean ez dago aukerarik gure ikasketak euskaraz jarraitzeko. Euskaraz ikasten jarraitu nahi izanez gero, Iruñera jo behar dugu, aukera gertukoena baita. Hori horrela, ez zaigu bermatzen euskaraz ikasteko eskubidea, ezta bizitzeko ere. Euskara eskubide bat izatetik pribilegio izatera pasa da.

Nik neuk, hainbat lagun, familiako eta ezagun askok bezala sufritu izan dut azaldutako egoera. Familian izugarrizko esfortzuak egin behar izan ditugu Ikastolan euskaraz ikasi ahal izateko. Badira euskaraz ikasten jarraitu ahal izateko beraien herrietatik alde egin behar izan duten lagunak ere. Nire kasuan, DBHraino Argia Ikastolan ikasi eta gero, ez nuen beste aukerarik izan Tuteran euskaraz ikasten jarraitzeko; gaztelerazko hezkuntzara igaro nintzen, euskaraz bizitzeko zailtasunak areagotu zizkidalarik horrek.

Errelato bakarraren bidez ahotsik gabe utzi nahi gaituzten ikasleok argi dugu, gure ahotsa ez dute ez Navarra Sumako politikariek ezta inongo legeek isilaraziko. Zailtasunen aurrean ikasleok tinko eutsiko diogu gurea den hizkuntzari eta antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu merezi dugun hezkuntza euskalduna lortu arte. Euskara nafartar guztiona delako, abenduaren 15ean 12.30ean Nabarreriatik abiatuko den mobilizazioan Iruñeko kaleak hartuko ditugu!

Nafarroa bat, ez hiru!