GARA Euskal Herriko egunkaria
75. URTEURRENA

Azpeitiko Lagun Onak mendi taldeak urtebeteko festahandia ospatu du

Elkarte gipuzkoarrak 75 urte bete ditu, eta egitarau erakargarri eta zabala izandu martxan urtean zehar. Pozarren dauden lortutako arrakastarekin.


Urteko azkenengo egunarekin batera, Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak “denboraldiari” amaiera emango dio. Eta, ohiturari jarraituz, Aizkorri mendia zain izango dute. Alabaina, mendizale azpeitiarrek urte oso berezia izan dute. Mendi elkarteak 75 urte bete dituenez, hilabeteotan guztiotan festa handia ospatu dute. Horretarako, egitarau oparoa eta erakargarria antolatu dute.

Zoritxarrez, pandemiak eragindako hainbat egoera tarteko, hitzordu batzuk bertan behera uztera behartuta egon dira.

Elkarteko kide Aitor Unanueri esan diogu bizi dugun egoera ikusita, oso “ausartak” izan direla urte osoan zehar egin dituzten proposamenekin. Eta erantzun digu argi eta garbi zutela urteurrena ekitaldi sorta ederrarekin ospatu nahi zutela: «Ez genekien egoerak nola baldintzatuko gintuen, baina, ahal genuen neurrian, hitzordu batzuk egin nahi genituen. Jakina, pandemiak zailtasunak jarri dizkigu. Adibidez, ‘Mugaz muga’ ekimena ezin izan dugu bukatu. Baina buruari eragin eta alternatiba bat bilatu genuen. Azpeitia da Gipuzkoako herri handiena hedaduraz. Eta gure herriko mugak lau etapatan egin ditugu. Arrakasta itzela izan dugu; gainera, gazte askok hartu dute parte».

“75 tontor 75 urte” proposamenarekin ere izan dute arazorik. Euskal Herriko 75 tontor igotzea zuten helburu, eta batzuk zintzilik geratu dira: «Urtarrilean bukatzeko asmoa dugu. Ekimen honek ere kristoren arrakasta izan du. Euskal zazpi probintzietako gailurrak igotzeaz gain, mendizaleei argazki bat eskatzen genien. Askok bidali dizkigute, eta eskertzeko zozketa bat egiten aritu gara. Herriko dendariak, jatetxeak... primeran portatu dira».

Etxekoak eta elitea

Leihoa zabaldu, egoera aprobetxatu eta Lagun Onak taldekoek hainbat eta hainbat irteera egiteko aukera izan dute: Euskal Herrian bertan zein Pirinioetan edota Europako Mendietan.

Egitarau oparoarekin jarraituz, azpeitiarren “Mendiko ahotsak” ekimenak toki berezia izan du. Hitzaldi zein ikus-entzunezko horietan jaso duten erantzuna bikaina baino bikainagoa izan da: «Nahasketa oso interesgarria egin dugu; izan ere, etxekoak (eta ingurukoak) zein kirolari profesionalak entzuteko eta ikusteko parada ederra izan dugu. Mamen Etxaniz, Gorka Karapeto, Josema Casimiro... oso hurbilekoak ditugu. Baina ekimen honi plus bat eman nahi izan diogu, eta gurekin, besteak beste, Denis Urubko eta Adam Ondra izan dira. Hitzaldi horietan 100 ikusle baino gehiago izan ditugu. Bi zintzilik geratu zaizkigu: Jesus Callejarena eta Wojciech Kurtykarena. Ea datorren urtean egiteko aukera dugun».

Gauza bera gertatu zaio “75 urte” ospakizun handiari. Joan den azaroan egin behar zuten, baina Azpeitiak 3.000ko intzidentzia tasa zuen une horretan. Irakurri bezala, hitzordu batzuk egiteko aukera izan dute; beste, batzuk, ordea, heldu den urterako utzi dituzte: «Egoera gehiegi ez bada okertzen eta aukera badugu, proposamen horiek egin egingo ditugu. Horregatik esaten dugu ospakizun honi beste izen bat jarri behar diogula: ‘75+1’. Gu, behinik behin, pozik gaude antolatutako egitarauarekin eta jasotako erantzunarekin. Gogotsu gaude, eta egoera latz honek dituen zirrikituak aprobetxatuko ditugu».

Amaitzeko, Unanuek esan digu Lagun Onak Mendi Bazkuna oso osasuntsu dagoela: «Zuzendaritzan hamar lagun gaude, eta lanak oso ondo banatzen ditugu. Gainera, gazteak sartu dira, eta ohartu gara sare sozialek garrantzi handia dutela egun».