GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Garaipen estua eta hirugarren puntua Jaka eta Mariezkurrenarentzat


Erik Jakak eta Jon Mariezkurrenak 20-22 menderatu zituzten Joseba Ezkurdia eta Xabi Tolosa atzo Labriten jokatu zen partidan. Irabazleek ligaxkako hirugarren puntua eskuratu zuten garaipen horri esker, eta galtzaileak puntu bakarrarekin geratuko dira sailkapenaren zuloan.

Markagailuan emozioa izan zuen neurketak, nahiz eta bigarren zatian urdinak beti aurretik joan. Ezkurdia eta Tolosa 9-6 aurreratu ziren arren, Jakak eta Mariezkurrenak 2-9ko partzial bati esker irauli zuten partida, 11-15 aurreratzeko. Aspekoak 16-18 ere hurbildu ziren arren, azkenean garaipenak ez zien ihes egin Baikoko ordezkariei 501 pilotakada eta 72 minutuko norgehiagoka borrokatuan.

«Txapelketako partida peto-petoa izan da eta esango nuke lau pilotariok lan ona egin dugula. Agian ez da distira handiko jokoa izan, baina bai oso gogorra guztiontzat. Azkenean detaile txikiek erabaki dute eta gu iritsi gara 22ra», azaldu zuen Erik Jakak Euskadi Irratian. Gantxo eder batekin itxi zuen neurketa Lizartzako aurrelariak.

Atzo lortutako hirugarren puntua oso garrantzitsua dela onartu zuen Jakak. «Aurkari zuzenak dira Ezkurdia eta Tolosa. Beraiek puntu batekin zeuden, gu birekin, eta galduz gero sailkapenean harrapatu egingo gintuzketen. Hirugarren puntua lortzeak lasaitasuna emango digu, baina badakigu hau luzea dela eta lanean jarraitu beharko dugula», gaineratu zuen partida amaieran gipuzkoarrak.