2021 ABEN. 27 «DO RE NI» IKERKETA ZIENTIFIKOA MUSIKAREN BURUKO OSASUNA HOBETZEKO AHALMENA, FROGATUA Ez dakite zergatik, baina garunak lan gehiena hiru kasutan egiten omen du: lo gaudela, esna begiak itxita ditugula, eta musika egiten dugunean. Horregatik, musikaren bidezko estimulazioa buru osasunera eraman du Do Re Ni elkarteak. Emaitzak «miresgarriak» dira. gara-2021-12-26-Reportaje Maider IANTZI GOIENETXE Penizilinaren historiarekin paralelismoa egiten du Rafael Yuste neurobiologoak, antibiotikoarekin gertatu zen bezala, begien aitzinean izan arren, ez dugulako ikusten musikaren ahalmen itzela. Penizilina frogatuta eta aurrera aterata zegoenean ere, mediku aunitzek eta farmazia industriak ez zioten kasurik egin. “Do Re Ni” metodoarekin egin duten ikerketan ere «datu miresgarriak» lortu dituzte, baina tamalez kaxoi batean gelditzeko arriskua dago. «Zoragarria izan zen, eta hitza motz gelditzen da. Denok sentitu genuen, hortik datu zientifikoak», adierazi dio GARAri Xabier Lizaso Loidi Do Re Ni elkarteko presidente eta izen bereko metodoaren sortzaileak. Covidak eta hark ekarritako bakartzeak buruko osasunaren gainbehera eragin du eta horri buelta eman nahian garuna estimulatzeko ekimen bat abiatu zuten 2020ko irailean. 60 urtetik gorako pertsona osasuntsuek parte hartu zuten. Batez besteko adina 68 urtekoa zen, eta gizon zein emakumeak ziren, Orio, Urola Kosta eta Donostialdekoak. Musika terapiak euren bizi kalitatea eta egoera mental eta kognitiboa hobetzeko duen ahalmena aztertu zuten. 41 boluntarioko kontrol talde bat osatu zuten, eta antzeko ezaugarriak zituzten 44 pertsonako talde esperimental bat, elkarrekin alderatzeko. Kontrol taldekoak itxaron zerrendan gelditu ziren, eta talde esperimentalekoek 25 estimulazio saio egin zituzten bost astez. Eguneroko lana izan zen ia. Orioko Arraun Etxe eder eta zabalean elkartzen ziren, ibaiari begira. Saio bakoitzak bi ordu irauten zuen, baina denbora hori igarota jendea gelditu egiten zen sarri, eszenografia prestatzen edo josten. Etxean ere lanean jarraitzen zuten aunitzek. Boluntarioak estimulatzeko emozioekin jokatu zuten, eta bide horretatik musikal bat sortu zuten, Orioko familia baten esperientzia kontatzen zuena. «Asko identifikatuta sentitu ziren, aitona-amonen istorioak oroitarazi zizkien. Eta bete-betean sartu ziren». Obra ederra gelditu zen, Andoni Egañaren eta Juan Kruz Igerabideren letrekin. Neurketak egin zituzten ariketaren aurretik eta ondoren. Talde esperimentaleko kideei hobekuntza sumatu zieten, kontrol taldekoei ez bezala, buruko osasunean eta bizi kalitateari buruzko indize orokorrean. Estimulazioaren hasieran antsietaterako eta depresiorako eten puntua gainditzen zutenek hobekuntza nabarmenak izan zituzten. Hamabi pertsonengan dementzia bat izateko arriskua aurkitu zuten. Hain justu ekintzaren aitzineko neurketetan emaitza txarrenak eman zituztenak izan ziren. Kasu horietan bakarrik azaldu ziren esperientziaren onura kognitiboak, baina estimulazioaren onurak guztiek izan zituzten. Ondorioztatu zutenez, musika terapia hori mesedegarria da osasun kognitiboa eta mentala zaindu nahi dutenentzat, bereziki aldez aurretik egoera kognitiboan eta mentalean narriadura maila bat dutenentzat. Musika egin, berau xede izan gabe Sortzailearen hitzetan, “Do Re Ni” metodoa ez da deus berezia. «Oso xumea da. Musika, dantza, antzerkia eta kirola baliatzen ditugu, beti alderdi ludiko batetik. Adibidez, norbaitek kantuan afinatzeko edo koreografia batean erritmoari jarraitzeko zailtasunak baditu, ez dadila taldetik baztertua sentitu bilatzen dugu. Beti gara onak zerbaitetan. Dantzan txarra dena agian kirolean ona da». Pixkanaka parte hartzaileek konfiantza hartzen dute eta inori ez zaionez gustatzen gauzak gaizki egitea, bakoitzak erronkari heldu eta, azkenean, gainditze hori beti topatzen da. Taldea ere aitzinera doa, presioa kenduta, gaizki ateratzen denean irri eginda. «Testuinguru horretan mirari asko ikusi ditut. Blokeo emozional ikaragarriak zituzten pertsonak desblokeatu egin dira». Xabier Lizaso goi mailako kontserbatoriotan ibilia da eta, dioenez, «musika helburu izatea kaltegarria da oso. Aldiz, musika egiten aritzea, berau xede izan gabe, benetan osasungarria da». Ez dakite zergatik, baina garunak lan gehiena hiru kasutan egiten duela azaltzen du Yustek: lo gaudela; esna, begiak itxita ditugula; eta musika egiten dugunean. Horregatik, musikaren bidezko estimulazioa hainbat esparrutara eraman daiteke. Kanadan unibertsitate bat irekiko dute gai horretarako. Kirolean ere erabiltzen da. Lizasok nabarmendu duenez, «ahazten dugun azken gauza umetako abestiak direla ikusi dute alzheimerra duten pertsonengan. Eritasun hori azaleratu baino 20 urte lehenago sortzen hasten dela ere deskubritu dute». Gakoa da, hortaz, estimulazioa orduan egitea. “Do Re Ni” esperimentu zientifikoaren emaitzak berriki aurkeztu zituzten Orioko Arraun Etxean antolatutako jardunaldi batean. Bertan, Jose Felix Marti Masso neurologoak mezu garbia eman zuen: «Dementzia bat ez izateko ona da estimulatzea, egunero ordubete ibiltzea; horrez gain, hamabost minutuz kirolen bat egitea, harreman sozialak eta dieta osasungarri bat». 70 urte baino gehiagorekin musika ikasten hasi da bera, «garunaren gimnasia» delako. Javier Yanguas gerontologoak aipatu zuen frogatuta dagoela bakardadean edo isolamenduan bizitzea kaltegarria dela, «ez soilik gaizki sentitzen zarelako, baizik eta dementzia bat izateko arriskuan zaudelako». Miriam Albusac Granadako Unibertsitateko musika neurozientzian adituak bizitza batekin edo bestearekin garuna nola aldatzen den azaldu zuen, musikarekin ere bai. Ikaragarri estimulatzen duela azpimarratu zuen. Jose Manuel Lopez Bragado psikiatrak “Do Re Ni” metodoa ikertzen lagundu dio Lizasori. Osasun mentaleko burua da Ezkerraldean. Kontatu zuen itxialdian jendea hobeki sumatu zutela hasieran, baina «tsunami handi baten preludioa» izan zela isiltasun hori. Ikaragarri gehitu ziren pazienteak, eta orain ohiko kopuruarekin parekatzen ari da. Xabier Mendizabal: «ditugun gaitasunak garatzeko aukera eman behar zaigu» «Donostiarra naiz, 65 urte ditut. Jubilatuta nago, gauza asko egiten. Hezkuntzan aritzen nintzen eta orain ere badaukat lotura, grina. Era berean beti izan dut musika zaletasuna. Kantatzen jarraitzen dut bi abesbatzatan», kontatu digu Xabier Mendizabalek. Pandemian, askatasuna murrizteaz gain, bizi gogoa jaitsi izanak kezkatzen du. «Niregan eta inguruan sumatu dut. Zoritxarrez batzuk joan egin zaizkigu eta gainditu dugunoi ondorioak utzi dizkigu. Desioa ere nabaritu dut jende askorengan egoera honi aurre egiteko». Hasieratik erakarri zuen “Do Re Ni” proiektuak. Erronkatzat ere hartu zuen. «Aurrera egin ahala beste zenbait kontu interesgarri deskubritzen joan nintzen: jendearen gogo betea, animoa, elkarrekin bizitzeko eta partekatzeko grina. Horrek asko bete ninduen. Banakoak taldean integratuak geratzen ginen, taldeak zeukan protagonismoa. Alde horretatik osasungarria eta erakargarria izan zen». Koordinatzaile «bikainak» izan zituzten. «Gako bat une bakoitzean zer egin behar zen ondo komunikatzea izan zen, denek gauza bera ulertzeko, indarrak batzeko eta bakoitzak bere erantzukizuna hartzeko». Erantsi duenez, «eginez lortzen dira gauzak eta lanaren ostean, norberarentzat deskubrimendu bat izan zen zenbait gauza era duin batean egiteko gai ginela ikustea». Ekintza bukatuta, jendearekin harremanari eusten saiatu dira eta Whatsapp taldean beti islatu dira bizipen haiek eta jarraitzeko gogoa. Honako gogoeta helarazi nahi du: «Adin batetik gora ematen du pertsonok bide bazterrean geratu behar dugula, jendarteari eman behar geniona emanda dagoela, eta proiektu honek erakutsi digu oraindik balio dugula. Jendeak begirada aldatu beharko luke, baita agintariek ere, eta aukera eman ezkutuan dauden gaitasun horiek garatzeko. Horrek eragin izugarri positiboa dauka osasunean. Eritasuna ez da botikekin bakarrik sendatzen, halako dinamikek asko laguntzen dute ongizatean».M. I. Milagros Aldai: «Neure burua askoz alaiago edo hobeto sumatzen nuen. Zoriontsuago» «Aiarra naiz, Orion bizi naiz, 78 urte ditut eta alargunduta nago bi bider. Alaba batekin eta biloba batekin bizi naiz orain», aurkeztu du bere burua Milagros Aldaik. Lagun batek animatu zuen “Do Re Ni” ekimenean parte hartzera. «Aditzera joango ginela ea zer esaten zuten eta proiektua gustatu zitzaigun. Musika aditzea asko gustatzen zait, baina solfeoa ikasteko oso traketsa nintzen. Nire lagunek ikasten zuten baina nik ez. Dantza gustatzen zait eta koreografiak egiten oso pozik ibili ginen». Balorazioa «oso positiboa» da. «Lehenago etxetik gutxi ateratzen nintzen eta hara joateko atera egin behar genuen. Ibiltzean, dantza egitean, arindu ere asko egin nintzen. Gainera, beste jende bat ezagutu genuen eta oso-oso ondo pasa genuen». Oriotarren aurrean egindako musikalaren emanaldiak ere ilusio handiz bizi izan zituen Aldaik. «Herritarrek gustura hartu zuten. Elkar-laguntzako lan bat izan zen eta oso gustura ibili ginen». Aitortu duenez, izugarri sentitu zuen esperientziak ekarri zion hobekuntza. «Alde batetik lehen esandako azkartzea, arintzea. Gero, etxean ere beste ilusio batekin egin behar ziren lanak, ateratzeko eta puntual joateko. Neure burua askoz alaiago edo hobeto sumatzen nuen. Zoriontsuago». Esperientziaren aurretik eta ondoren inkesta bat bete behar zuten eta irriz kontatu digu azkenekoan gustura jarriko zuela denean 10, baina gehiegi iruditzen zitzaiola, ez ziotela sinetsiko eta puntuazioa apaldu zuela. Halako ekitaldi gehiago antolatuko balitz pozarren joango litzateke. Etxean bakarrik gelditzen denean-eta batzuetan izaten ditu tristura aldiak, baina ikasi duena mantentzen saiatzen da. Pandemiak asko eragin dionik ez zaio iruditzen. «Gizona gaixo neukan eta justu bera hil eta egun gutxira etxeratu behar izan genuen. Ez neukan hainbeste gogorik ateratzeko, denek galdetu ere egiten dizute eta. Asko gustatzen zait leitzea eta asko entretenitu nintzen». Poza transmititu digu solasaldian. Deia moztu eta gutxira berriz hots egin digu, musikaleko bertso bat abesteko, bilobei kantatzen diena: «Ikasi begiekin irrifar egiten/ begiekin laztandu ta musu ematen/ maite zaitut begien laguntzaz esaten/ begiak ez baitira mutuak izaten».M. I.