GARA Euskal Herriko egunkaria

Ostalaritza 01.00etan itxita, zutik kontsumitzerik ez eta gehienez 10 lagun mahaiko

Ia neurri murriztaile berdinak ezarri dituzte Urkulluren eta Chiviteren exekutiboek EAEn eta Nafarroan: ostalaritza 01.00etan ixtea, barran kontsumitzea debekatzea eta mahaiko 10 pertsonako muga jartzea.


Covid-19 kutsatzeen hedapena murrizteko asmoarekin ezarritako neurri berriak sartu dira indarrean gaur Hego Euskal Herrian. Horrenbestez, gaurtik aurrera, ostalaritzak, jatetxeek eta kultur jarduerek 01.00etan itxi beharko dituzte ateak, ezingo da barran kontsumitu eta gehienez 10 laguneko taldeak elkartu ahal izango dira. Nafarroan urtarrilaren 14ra arte iraungo dute neurriok. EAEn, ostera, urtarrilaren 28ra arte.

Murrizketon ondorioz, Gabon zaharreko ospakizunak bertan behera geldituko dira eta, familia arteko bazkariei zein afariei dagokienez ere, 10 lagun baino gehiago ez elkartzeko gomendatu dute Urkulluk eta Chivitek. Horri, bi familia unitate baino gehiago ez batzeko eskaera gehitu diete lehendakariek.

EAEn eta Nafarroan neurri berdintsuak ezarri badira ere funtsean, badaude bi administrazioen arteko ñabardurak. Nafarroan, esaterako, ez da edukiera murrizketarik ezarri; aldiz, Covid Ziurtagiria tabernetatik hotel, gimnasio eta zahar etxeetara zabaltzea onartu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Hori horrela, nahitaezkoa izango da guztietan ziurtagiria erakustea, terrazak eta kirol lehiaketak izango direlarik salbuespen bakarrak. EAEn, aldiz, ostalaritza lokaletako edukiera %60ra jaitsiko dutela iragarri zuen atzo Urkulluk LABIren bileraren osteko prentsaurrekoan. Murrizketa barrualdeetan zein terrazetan aplikatuko da.

Horrez gain, edozein ekitaldi sozialeko gehieneko partaide kopurua ere mugatu du Lakuak. Barrualdean ospatutako ekitaldietan 600 pertsonakoa izango da muga eta, aire zabalekoetan, 800 lagunekoa. Salbuespena 1.600 eta 5.00o pertsona arteko edukiera duten espazioak izango dira. Espazio horietan 800 pertsona egon ahalko dira barrualdeetan, eta, kanpoaldean, ostera, 1.2oo. Gehienezko edukiera 5.000 pertsonatik gorakoa bada, futbol zelaiak kasu, gehienezko edukiera azpiegituraren gaitasunaren erdira murriztuko da, %50. Gimnasio eta kiroldegietako aldageletan ere %50 murriztuko da edukiera EAEn. Era berean, barnealdeko kirol jardueretan 10 lagunek hartu ahalko dute parte gehienez ere.

Covid Ziurtagiriari oniritzia

Bestalde, Nafarroako Auzitegi Nagusiak oniritzia eman zion atzo Chiviteren 63/2021 foru aginduari eta, horri esker, Covid Ziurtagiriaren erabilera are gehiago zabalduko da Foru Erkidegoan. Horrenbestez, tabernetara sartzeko ez ezik, kiroldegietara, hoteletara eta zahar etxeetara sartzeko ere erakutsi beharko du pasaportea 12 urtetik gorako herritar orok.