2021 ABEN. 31 Esanek ETBren aurka jo du Rosa Zarra pilotakada batek hil zuela esateagatik Esanek zuzenketa publikoa exijitu dio EiTBri Rosa Zarra ertzain batek jaurtitako pilotakada baten ondorioz hil zela esateagatik. Ertzaintzako sindikatuak Juan Mari Atutxak 1995ean Legebiltzarrean emandako bertsioa babesten du. Horren arabera, «heriotza naturala» izan zen. Ibai AZPARREN DONOSTIA Esanek «berehalako zuzenketa publikoa» eskatu dio EiTBri asteazkeneko ETB2ko albistegian Rosa Zarra Marin ertzain batek jaurtitako gomazko pilotakada baten ondorioz hil zela esateagatik. Zarra 1995eko ekainaren 30ean hil zen, zortzi egun lehenago sabelaldean pilotaka bat jaso eta gero. Rosa Zarraren heriotza Jose Maria Aldaiaren buruzko informazio baten harira aipatu zuten ETB2ko albistegian. Aldaia, 1995ean ETAk bahitu zuen enpresaburua, asteon hil da, eta ETB2n emandako informazioan enpresariaren askatasuna eskatzeko Alditranseko langileek Anoetako estadioaren ondoan egiten zituzten elkarretaratzeak aipatu zituzten. «Ezker abertzalea elkarretaratzeen aurrean mobilizatzen zen eta behin izandako istiluetan Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilotakada batek hil zuen Rosa Zarra», azaldu zuten ETB2n. Telebista publikoa Euskal Herria Askatu plataformak deitutako elkarretaratze bati buruz ari zen. Ekimen horrekin, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren gertukoek jasotako bortizkeria salatu nahi zuten bildutako herritarrek. Izan ere, ertzainen, guardia zibilen eta polizien kolpeak jasan behar izan zituzten senide eta lagunek Hondarribiko aireportura joan zirenean duela hogei urte desagertutako militanteen hilkutxak jasotzera. Ertzaintza Tolosako hilerrian bertan ere oldartu zitzaien, senideak hilkutxak autotik ateratzen saiatu zirenean. Xabier Irazusta Rosa Zarraren senarrak eta Maider Irazusta alabak azaldu zutenez, Zarra senarraren bila joan zen Donostiara, Euskal Herria Askatuk antolatutako ekimenean zegoelako. Bat-batean bi ertzainek bost metro inguruko distantziatik tiro egin zuten, eta jaurtitako pilotetako batek sabelean eman zion emakumeari. Zortzi egun geroago hil zen. Forentsearen iritziz Zarraren heriotza «naturala» izan zen, eta hori bera errepikatu zuen Juan Mari Atutxak Gasteizko Legebiltzarrean. Zarra «era batean edo bestean» hilko zela esan zuen jeltzaleak, ertzainen errua ez zela defendatuz. Zarrak giltzurrun transplantea jaso zuen 1985ean, baina bere bilakaera ona zen. Medikuetako batek gutun bat bidali zuen komunikabideetara Atutxaren bertsioa gezurtatuz. Baina 1995eko irailean auzitegiek amaitutzat jo zuten senideek jarritako salaketaren bidea. Lakuako Gobernuak egindako lanen arabera, baina, Zarraren kasua sakonago ikertu behar da. Mezua Josu Erkorekari Esan sindikatuak, bere aldetik, Atutxaren 1995eko bertsioa babesten du, eta Zarraren heriotza ez zela gomazko pilotakada baten ondoriozkoa izan defendatzen jarraitzen du egun. Horregatik eskatu diote zuzenketa EiTBri. Are, mezu bat bidali diote Josu Erkoreka Segurtasun sailburuari, beraien alde agertzeko eskatuz. «Zuzenbide-estatu batean prentsa askatasuna bermatuta egon behar da, baina horrek ezin du manipulazioa babestu, are gutxiago gezur hutsa», azpimarratu du Esanek. Euskal Memoria Fundazioaren arabera, 1977tik bost lagun hil dira Hego Euskal Herrian gomazko piloten ondorioz: Jose Luis Aristizabal, Isidro Susperregi, Luis Santamaria, Rosa Zarra eta Iñigo Cabacas. Azken hori Bilboko Maria Diaz de Haro kalean buruan pilotakada batekin zauritu eta gero hil zen 2012an. HERIOTZA1995eko ekainaren 30ean hil zen Rosa Zarra. Zortzi egun lehenago, Ertzaintzak bost metro inguruko distantziatik botatako pilotakada bat jaso zuen sabelaldean Donostiako Anoeta estadioaren inguruan. SALAKETAXabier Irazusta Rosa Zarraren senarra Iñigo Iruin abokatuarekin batera Ertzaintzaren komisariara joan zen salaketa jartzera. «Azken muturreraino ikertuko zutela esan zidan inspektoreak. Zain gaude oraindik».