GARA Euskal Herriko egunkaria
BIGARREN MAILA

«Zalantzen derbiak» emango dio amaiera urteari

Gaizka Garitanok eta Xabi Alonsok azkenengo unera arte itxaron beharko dutebigarren itzuliko lehen partida jokatzeko moduan zein jokalari dituzten jakiteko.


Ipuruan urteari amaiera emango dion Eibarren eta Sanseren arteko gaurko derbia (16.15, Gol) egunotako egoera nahasiaren adibidetzat har daiteke, ziurgabetasuna baita nagusi partidaren atarian. Covida bi taldeen aldageletan sartu eta gero, entrenatzaileek ez dute azken unera arte jakingo zein futbolari izango dituzten prest, edukiera murrizketen ondorioz Eibarrek sarrera salmenta gelditu behar izan du... Eta, horri, egoera normaletan ere etenaldien osteko lehen partidek sortzen dituzten zalantzak gehitu behar zaizkio.

Garbi dagoen bakarra bi taldeen helburua da: garaipena. Etxekoek bigarren itzulia lehena amaitu bezala hasteko nahi dituzte hiru puntuak; hau da, igoera zuzeneko postuetan jarraitzeko. Eta beharrezkoa dute irabaztea, atzetik datozenek ez baitute martxa moteltzen. Gainera, amorru puntu bat ere badute, etxean jokatutako azken neurketan ezin izan baitzioten bolada ikusgarriari eutsi eta justu-justu eskuratu baitzuten puntu bat Malagaren kontra.

Zein jokalarirekin zelairatuko da Eibar? Auskalo. Klubak sei positibo iragarri ditu baina izenak eman barik. Aurretik lesionatuta zeudenei buruzko informaziorik ere ez dago, ezta deialdirik ere. Garitanok onartu du azken unera arte itxaron beharko duela, baita seguruenik ez dela azken aldia izango ere «dena nola dagoen ikusita». Horregatik, argi du oso garrantzitsua izango dela talde guztientzat suertatzen diren egoeretara «egokitzeko gaitasuna».

Sanseren egoera antzekoa da. Edo okerragoa. Alde batetik, garaipena ia hil ala biziko kontua delako txuri-urdinentzat, sailkapenaren behealdean distantziak handitzen ari baitira. Eta, bestetik, bere baja propioei ez ezik, lehen taldekoei ere egin beharko dielako aurre, Gabonetan Realean hamar positibo eta Sansen zazpi agertu ondoren. «Bihar arte ez dut jakingo zeintzuk daude jokatzeko prest», onartu zuen atzo Xabi Alonsok. «Ez da egoera erraza, ezin duzulako berme guztiekin lan egin», gaineratu zuen, baina aitzakiarik ez duela bilatu nahi esan zuen. «Azkenean Eibarko eta Sanseko hamaikana jokalari zelairatuko dira».