GARA Euskal Herriko egunkaria

6 urtetik gorako haurrek musukoa jantzi beharko dute Ipar Euskal Herrian


Bihartik aurrera Ipar Euskal Herriko 6 urtetik gorako haurrek musukoa jantzita eraman beharko dute nahitaez espazio publikoetan. Orain arte 11 urtetan finkatuta zegoen adin muga 6 urtera jaitsi du Macronen exekutiboak. Araua atzo argitaratu zen Estatu frantseseko Aldizkari Ofizialean eta garraio publikoan, kiroldegietan, publikoari zabaldutako establezimenduetan, kultu toki eta kanpoaldeetan aplikatuko da, besteak beste.

Omikron aldaeraren olatuak bultzatuta hartu du erabakia Parisek. Izan ere, kutsatzeak nabarmen areagotu dira. Horren erakusgarri da Nafarroa: beste 3.350 positibo eta bi hildakorekin itxi zuen urtea, ostiralean 7.765 proba egin eta gero. Positiboen tasa %43,1ekoa izan zen, Iruñeko Gobernuak jakinarazi zuenez.

Jose Luis del Pozo mikrobiologia eta eritasun infekziosoen zerbitzuen zuzendaria da Nafarroako Unibertsitate Klinikoan. Eferi emandako elkarrizketa batean baieztatu zuenez, omikron aldaeraren aitzinean «aukera dezakegun bakarra denok zein erritmotan kutsatzen garen da». Datozen asteetan osasun sistema estutu eginen dela aurreikusten du, baina baita horren ondotik kutsatzeak bat-batean gutxituko direla ere. Aditua konbentzituta dago txertatzea zabaldua egoteak omikronen larritasuna arinduko duela eta, era berean, haren zabalkundea «geldiezina» dela. Horregatik, egoera zaurgarrian dauden pazienteetan zentratzea da gakoa, bere ustez.

Urkulluren bat egiteko deia

Egoera honen aurrean, Urtezaharreko ohiko diskurtsoan bat egitera deitu zuen Iñigo Urkullu Lakuako lehendakariak. Autokritika eginez, aitortu zuen ez duela jakin azaltzen «birus honekin denbora luzez bizitzen ikasi behar dugula» eta, hortaz, «beste era batera bizitzen ikasi behar dugula».

Pertsona bakoitzak bere «lan, kapital eta aktibitate intelektualarekin» ongizate orokorrari mesede egiteko «betebeharra» duela agertu zuen.