GARA Euskal Herriko egunkaria
DAKAR 2022

Al-Attiyah eta Sanders, nahastean onenak


Saudi Arabiako 2022ko Dakarrak lehen egun ‘serioa’ izan zuen atzo eta interesgarria suertatu zen, parte-hartzaile ugarik nabigazioa galdu eta denbora asko utzi baitzuten bidean. Al-Attiyah (autoetan) eta Daniel Sandersek (motoetan) inork baino hobeto aprobetxatu zuten egoera berezi hori etapa irabazteko eta lidergoa sendotzeko.

Seigarren kontrol puntuan etorri zen nahasmena, 200. kilometrotik 280. kilometrorako tarte horretan, bai motoetan eta bai autoetan. Carlos Sainzen GPSa besterik ez da ikusi behar zer-nolako nahasmena sortu zen jakiteko. Madrildarrak buelta ugari eman zituen benetako bidea zein zen aurkitu arte. Gainera, aurreko eguneko euriteek ibilbideko liburuetan zeuden erreferentzia guztiak edo gehienak ezabatu zituzten.

Al-Attiyah qatartarrak (Toyota) ez zuen hutsik egin eta ez zuen dudarik eduki nabigazioan eta, aurreko egunean bezalaxe, garaipena erdietsi zuen. Bigarren postuan Sebastien Loeb (Bahrain Raid Xtreme) frantziarrak amaitu zuen eta orain 12:44ko aldea dago bi gidarien artean sailkapen nagusian.

Lehen aipaturiko Carlos Sainz eta bere laguntzaile Lucas Cruz (Audi auto hibridoa) galdu egin ziren eta Dakarrean garaipena lortzeari agur esan zioten. Bi ordu eta zazpi minutu galdu zituzten.

Bestalde, Stephane Peterhansel frantziarrak, Dakarrean 14 garaipen dituenak –sei motoetan eta zortzi autoetan–, atzeko esekidura apurtu zuen ibilbide bereziko 153. kilometroan, bigarren zihoala, eta laguntza noiz etorriko zain geratu zen.

Motoetan ere sarraskia

Moto gidariak izan ziren nahasmena sufritu zuten lehenengoak. Gas Gas taldeko Daniel Sanders austriarrak hasieratik hartu zuen abantaila. Hori bai, bosgarren kontroleraino ezin izan zuen lasterketa apurtu. Ondoren, 200. kilometrotik 240.era gidariek lehen zailtasunak aurkitu zituzten.

40 kilometro horietan, Sandersek 30 segundo galdu zituen, baina hurrengo 40 kilometroetan etorri zen benetako sarraskia. Sandersek eta Pablo Quintanilla txiletarrak bakarrik aurkitu zuten kontrol puntua. Sam Sunderlandek, adibidez, 11 minutu galdu zituen eta Benavides egungo txapeldunak, 30.