GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA - BINAKAKO TXAPELKETA

«Astelenako Trilogia» Unai Lasok erabaki du

Eskuin sotamanoz egindako horma-biko batekin erabaki du partida azken unean aurrelari nafarrak.


JAKA-MARIEZKURRE. 21

LASO-IMAZ 22


Sergio Leone handiak Almeriako basamortuan egin zuen “Dolarraren Trilogia”, Clint Eastwood, Lee Van Cleef, Eli Wallach edo Gian Maria Volonte aktoreekin eta Ennio Morricone maisuaren musikarekin. Unai Lasok eta Ander Imazek Gabon jaiotan “Astelenako Trilogia” egin dute: hiru partida amaierara heldu dira 21-21 berdinduta. Irribarria eta Rezustaren aurka irabazi egin zuten, eta Altuna eta Martijaren aurka galdu. Atzo, berriz, garaipena lortu zuten Jaka eta Mariezkurrena II.aren aurka, partida gogoangarri bati amaiera aparta emanda Lasok eskuin sotamanoz egindako horma-bikoari esker. Izan ere, zeinek irabazi behar dio Bizkarreta-Gerendiaingo Clint Eastwoodi?

Astelenako dema maila ikusgarrian amaitu zen, baina hasieran akatsak bata bestearen atzetik pilatu zituzten pilotariek, gorriek batez ere. Jaka eta Mariezkurrena 1-6 galtzen hasi ziren eta ez ziren partida osoan markagailuan aurretik jartzeko gai izan. Hasteko, Berriozarko atzelariak 9 pilota galdu zituelako –nahiz eta 6 tanto amaitu, atzean zein aurrean–; azken orduan, berriz, Lasoren magiak erabaki zuen partida.

Termometroa, Mariezkurrena

Jaka izango da agian Mariezkurrenarekin batera osatzen duen bikoteko buruzagia, baina Berriozarko atzelaria, atzo behintzat bai, da bikoteko termometroa. Azkenengo jardunaldian eskuetako minaren erruz kale egin ostean, atzo epelak eta bi jo zituen. Aldiz, ia azken tantoetara arte ohi baino gutxiago sartu zen jokoan Lizartzako aurrelaria. Mariezkurrenak kale egiten zuenean –ez gozatzea ere ia kale egitearen adinakoa zen, Laso sartzen baitzen orduan– urdinek aldea ateratzen zuten, baina, Berriozarkoak asmatuz gero, Imazen lan zikin eskergari meriturik kendu gabe, gorriek berriz berdintzera jotzen zuten.

Markagailua 12-18 beren alde jarri zuten Lasok eta Imazek, baina gorriek 6-0eko partziala lortuta 18-18 berdindu zuten partida. Laso Imaz indarrik gabe geratzen ari zela ohartu zen eta erasora jo zuen; horri esker, 19-21 aurreratu ziren urdinak. Baina Mariezkurrenak horma-bi-bikoz eta Jakak sakez egindako tantoen ostean, 21-21 jarri zen partida jendeak gutxien espero zuenean. Zernahi gerta zitekeen, eta Lasok, ezeri beldurrik ez diola erakutsiz, erremate zoragari batekin erabaki zuen partida.

Erkiaga vs Lopez, buruz buruko finala

Zesta-puntako Buruz Buruko Txapelketaren finala gaur gauean jokatuko dute Berriatuan Aritz Erkiagak eta Imanol Lopezek. Adituen iritziz, azken urteetako txapelketarik ikusgarriena izan da eta, Iñaki Osa Goikoetxearen hutsunea alde batera utzita, finalera iritsi diren bi pilotarien mailak hori erakusten du.

Uda sasoian bi izar nagusiak izan ziren eta buruz buruko txapelarekin borobildu nahi dute denboraldia: bigarrena luke Ispasterrekoak; hirugarrena zumaiarrak.

Erkiagak hiru joko behar izan zituen Jokin Arbe iazko txapelduna garaitzeko: 4-12, 12-6 eta 0-5. Joko erabakigarrian min handia egin zion sakeaz Arberi. Sakea eta errestoa izango dira ere finaleko gakoak.

Imanol Lopezek, aldiz, bi joko nahikoa izan zituen Ludovic Laduche kanporatzeko, baina lana eginda: 12-9 (8-10 galtzen joan ostean) eta 12-11.

AEBetako pilotalekuen amaiera iritsi delarik, gaurko finala izan daiteke garai berri bat hasteko eguna. Asier AIESTARAN