GARA Euskal Herriko egunkaria

Satsek Gonzalezen hitzak ezeztatu ditu: «Egoitzetako egoera ez da ezer hobetu»


Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak egindako adierazpenak kritikatu zituen atzo Satse erizainen sindikatuak. Gonzalezek adierazi zuenez, arazorik ez da Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko adinekoen eta desgaituen egoitzetako funtsezko zerbitzuetan. Esan zuenez, bertan lan egiten dutenek behar bezalako arreta ematen diete erabiltzaileei, «ahalegin handia eginez baina egoitzak gai dira covida izateagatik edo kutsatutakoen kontaktu izateagatik bajan daudenak ordezkatzeko».

Satse sindikatuak ohar batean salatu zuenez, baina, «adierazpenok errealitatetik oso urrun daude. Egoitzetako egoera ez da ezer hobetu. Uda eta gero arazo handiak egon ziren jada, eta horrek egutegiak, oporrak, kontziliazio baimenak... aldatzea ekarri zuen. Bada, seigarren olatua iritsi da eta egoera larritu egin da, mugara iritsi arte. Eta kontratazio politika ez da aldatu».

Satseren esanetan, «erizainak kontratazioei uko egiten hasi dira, oso iraupen laburrekoak direlako eta beste administrazio batzuetan eskaintza askoz erakargarriagoak dituztelako».

«Aldundiak egoitzetako arreta alde batera utzi du berriz ere gainkarga, saturazio eta tentsio asistentzialeko egoera kritiko batean, erabiltzaileei eta erizainei kalte handia eraginez. Ia bi urte daramatzate pandemia jasaten», deitoratu zuen Satsek. Une zailotan, lan poltsetan kiderik ez egoteaz gain, langileei bideratutako bulegoak itxi direla ere salatu zuen Satsek, «oporrengatik, ardura lanpostuetako ordezkapenak egin gabe daudelako, sortutako gorabeherak konpontzeko guardia sistemarik ez dagoelako....».

«Gutxieneko langile kopururik gabe lan egin behar izan dute erizainek, txandak bikoiztu behar izan dituzte, oporrak alde batera utzi, baimen egunetan lan egin... Ustekabeko bajak izatean, beren lanpostuetan eta beste batzuetan sortutako gorabeherak konpontzen saiatu behar izan dute erizainek, eta asko izan dira. Denbora hori, noski, asistentzia lanari kendu behar izan diote», salatu zuen Satsek. «Pazienteentzat zein erizainentzat arrisku ugari sortzen dituzten lan baldintzen ondorioz, profesionalak gainezka eta agortuta daude», nabarmendu zuen erizainen sindikatuak.