GARA Euskal Herriko egunkaria

Beatriz Artolazabalek ukatu egin du EAEko kartzeletan osasun arazo bat dagoenik


EAEko kartzeletan 113 koronabirus kasu atzeman zituzten atzo. Positibo horietatik 94 presoei dagozkie eta gainerako 19ak presondegietako beharginei. Martuteneko kartzelako agerraldia da kezkagarriena, 113 positiboetatik 70 bertako presoen artean atzeman baitituzte. Hala ere, Beatriz Artolazabal EAEko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailbururen aburuz, «ez da osasun arazo bat existitzen espetxeetan».

EAEko espetxeei lotutako Gizarteratzeko Aukerak Euskal Agentzia aurkeztu zen atzo Gasteizen, eta, bertan, Artolazabalek kartzeletako intzidentzia tasaren inguruko xehetasunak eman zituen. Zehazki, sailburuak azaldu zuen une honetan Araban 22 preso daudela kutsatuta eta horietako 14k «laster» bukatuko dutela berrogeialdia. Gipuzkoan, oraingoz, 70 kasu atzeman dituzte, baina oraindik ere beste 11 espetxeratu zeunden atzo proba egiteko zain. Basaurin, aldiz, bi presok eman zuten positibo. Langileen artean, ostera, zortzi kutsatu zeuden atzo Araban, bost Gipuzkoan eta sei Bizkaian.

Beatriz Artolazabalek azaldu zuenez, «prebentziozko jarduera» bat jarri zuten martxan Martutenen eta horrela izan zuten agerraldiaren berri: «Balizko positibo bat izan zitekeela-eta, sintomak zituen pertsonari eta bere hurbileko kontaktuei antigeno test bana egin zitzaien. Baheketa masibo bat ere egin genuen eta horrek eraman gaitu orain gauden egoerara».