GARA Euskal Herriko egunkaria

«COSTA CONCORDIA» GURUTZAONTZIAREN HARROKERIA

Hamar urte joan dira Isola del Giglio-n jazo zen naufragiotik. 2012ko urtarrilaren 13ko gauean, oraindik ulergaitza den maniobra baten ondorioz, «Costa Concordia» gurutzaontziak haitz baten kontra jo zuen. 32 pertsona hil ziren. Guztira 4.229 zeuden barruan.


Gurutzaontzi bat okertuta itsas zabalean, alde batetik okertuta: porrotaren sinboloa. “Costa Concordia” hondoratu zenetik hamar urte igaro dira, baina oraindik Italian eta mundu osoan bizirik dago gertaera herritarren gogoan.

Hondoratzeak 32 hildako eta 110 zauritu utzi zituen. Zifrari erreparatzen badiogu, ez du alderik “Titanic” itsasontziarenarekin, zorionez. Hala ere, hura bezain lotsagarria izan zen, batez ere erakutsitako harrokeriagatik.

2012ko urtarrilaren 13a zen, gaua, Tirreno kostaldean. “Costa Concordia” gurutzaontzi erraldoia –115.000 tona eta 290 metroko luzera– Civitavecchiako portutik atera zen egun bat lehenago. Italiako itsasontzirik astunena zen. Gurutzaontzi bat hiri baten antzekoa da, baina etengabe mugitzen den hiri bat. 4.229 pertsona zeuden “Costa Concordia”-n. Gehienak turistak, baina langileak ere bai, ehunka langilek lan egiten baitute egunero horrelako gurutzaontzi batean.

Behin, lan gurutzaontzi batean parte hartu nuen eta hainbat zerbitzarirekin hitz egin nuen. Apur bat aspertuta nengoen eta gurutzaldi batean bizitza nolakoa zen ezagutu nahi izan nuen. Langileek azaldu zidatenaren arabera, soldatak oso-oso baxuak ziren, baina eskupekoei esker poltsikoak «normaltasunera» iristen ziren. Beraz, txintxo portatu behar zuten, edonorekin.

Horrez gain, beste kontu batek harritu ninduen. Familia askok guraso helduak gurutzaontzian uzten zituzten, zahar-etxe batean utzi ordez. «Jendearentzat nagusiak karga bat dira; bidaian behintzat ondo pasatzen dute eta pozik egoten dira haien adinekoen artean. Lagun berriak egiten dituzte, eta kruzeroa erresidentzia baino merkeagoa da», azaldu zuen langileetako batek. Zerbitzari gehienak Indiakoak eta Pakistanekoak ziren; irabazten zuten dirua garrantzi bizikoa zen haientzat, baina akats txikiena eginez gero edo arazoren bat izanez gero, inolako begiramenik gabe kanporatuak izateko arriskua zuten; lehen portuan itsasontzitik bota zitzaketen arduradunek.

Gau hartan, “Costa Concordia”-ren hondoratzearen berri entzun nuenean, lehenik eta behin zerbitzariak etorri zitzaizkidan burura. Hasieratik istripuak oso larria zirudienez, “Titanic”-en gertatu zen bezala, bigarren eta hirugarren klaseko pertsonek izango zuten zorte txarrena.

«Vada a bordo, cazzo»

Erruduna Francesco Schettino komandantea izan zen. Epaileak 16 urteko kartzela zigorra ezarri zion. Oraindik preso dago. Abizen hori gaur egun ere porrotaren sinonimoa da. Baina ez porrotarena bakarrik, pertsona baten hondamendiarena baizik. Schettinok hamaika akats egin zituen gau hartan. Ikerketek gerora argituko zuten ontziak talka egin zuen unean ez zela ontzia gidatzen ari. Norbaitek aitortu zuen emakume batekin zegoela. Egin zuen maniobra, itsas hizkeran «erreberentzia» esaten diotena, zentzugabea izan zen: Giglio uhartetik oso gertu pasatu nahi zuen, jendea agurtzeko alegia, baina Schettinok ez zekien han arroka pila bat zeudela.

Hala ere, bere akatsik lotsagarriena ontzitik ihes egitea izan zen. Horrek erabat kaltetu zuen komandantearen irudia. Gainerako guztiek buru-belarri jarraitu zuten ontzian laguntzen edota ura kentzen, eta Schettino, berriz, erabat lasai, arazotik urrun.

Zorionez, norbaitek, Livornotik, dena kontrolpean zuen. Gregorio De Falco komandanteak. Schettinori deitu zion. Haien eztabaida grabatuta geratu zen. Alde batetik, “Concordia”-ko komandantea aitzakiak ematen eta, bestetik, De Falco «vada a bordo, cazzo!» esaten. «Zoaz ontzira, arraioa!», agindu zion erabat haserre. Esaldi hori sinbolo bilakatu zen, ardura oraindik hor baitzegoen (arraioa!).

Handik sei urtera, De Falco politikan sartu zen, Bost Izar Mugimenduaren eskutik. Hala ere, komandanteak Beppe Grilloren alderdiarekin ere eztabaidak izan zituen eta Bost Izar Mugimendutik alde egin du, baina ez Italiako Legebiltzarretik. 2014ra arte “Costa Concordia”-ren hondakinak itsasoan geratu ziren. Ezinezkoa zen kentzea; beraz, bi urtez Giglio uharteko biztanleek ontzia ikusten jarraitu zuten. 32 pertsona hil ziren; bost zerbitzari eta 27 turista (ume bat). Gau hartan ez zen soilik ontzia hankaz gora jarri, Italia osoaren irudia ere hankaz gora gelditu zen.