GARA Euskal Herriko egunkaria

Boris Johnsonek «lan bilera» gisa hartzen zituen festak ostiralero egiten ziren

Aurrekoetan bezala, Downing Streetek ez du gezurtatu Gobernuaren egoitzan bertan ustez izandako legez kanpoko jaiei buruzko informazioa, eta Sue Gray goi funtzionarioak zuzentzen duen barne ikerketaren emaitza ezagutu arte itxaroteko eskatu du.


Erresuma Batuko Gobernuaren egoitza den Downing Streeteko langileek«bilera sozialak» egiten zituzten ostiralero ardoa eta garagardoa kontsumitzeko, nahiz eta unean hainbat murrizketa indarrean egon covid-19aren pandemia dela eta, atzo “Daily Mirror” egunkariak jakitera eman zuenez. Ekitaldiok, prentsan «ostiraletako ardoa» gisa kalifikatuak, automatikoki programatuta zeuden Boris Johnson lehen ministroaren bulegoko berrogeita hamar bat langileren agendetan, eta batzuetan «bilerak» gauerdira arte luzatzen ziren.

Aurrekoetan bezala, Downing Streetek ez du informazioa gezurtatu, eta Sue Gray goi funtzionarioa Gobernuaren egoitzan izandako legez kanpoko jaiei buruz egiten ari den barne ikerketaren emaitzari itxaroteko eskatu du. «Ostiraletako ardoak» tradizio luzea du lehen ministroaren egoitzan, eta, egunkariaren arabera, pandemian zehar festak egiten jarraitzeko baimena eman du Johnsonek. Are, batzuetan, bertatik pasatzen zen lehen ministroa langileekin egoteko. Iturri anonimo batek komunikabideari adierazi dionez, gobernuburua festa egiten ari zen lekutik pasatzen zen bere apartamentu ofizialera bidean, eraikin berean baitago, eta «askotan, ospakizunarekin bat egiten zuen».

“Daily Mirror” egunkariak edari alkoholdunez betetako hozkailu baten irudia argitaratu du. Hozkailu hori atzeko ate batetik sartu zuten Downing Streeten 2020ko abenduaren 11n. «Bilera» horietan, langileak Pictionary eta beste zenbait mahai jokotan aritzen ziren ardoa eta garagardoa edaten zuten bitartean, iturri beraren arabera.

Ostiral arratsaldeetako bilera sozialek tradizio handia dute Britainia Handian, non, pandemia baino lehen, ohikoa zen lankideak tabernetan edo lantokietan bertan prestatutako lekuetan biltzea. Hori bai, osasun murrizketak tarteko, hilabete luzez guztiz debekatuta egon da horrelakoak antolatzea.

Azken asteetan Britainia Handiko prentsan zabaldutako hamaika informaziori gehitu behar zaio atzoko berria. Izan ere, Gobernuko kideek, tartean Boris Johnsonek, osasun neurriak behin eta berriz apurtu dituztela salatu dute komunikabideek.

Dolu nazionala

Joan den asteazkenean, lehen ministroak «barkamena» eskatu zuen 2020ko maiatzean Downing Streeteko lorategietan egindako festa batean parte hartzeagatik. «Lan bilera» bat zela uste zuela eta bertan 25 minutu baino ez zela egon argudiatu zuen. Gobernuak ere azalpenak eman zizkion errege familiari, Felipe erreginaren senarraren hiletaren bezperan, dolu nazional betean eta covidaren aurkako arauak indarrean, gobernuaren bulegoetan bi agur festa egin zirela publiko egin ostean.

Oposizioak Boris Johnsonen «berehalako dimisioa» eskatu du azken asteetan azaleratutako eskandaluengatik. Johnsonen kide batzuek ere, Douglas Ross Eskoziako kontserbadoreen buruak kasu, eskaera babestu dute.